#M28

Azken hauteskundeetako botoak zenbatuko ditu berriz Donostialdeko Hauteskunde Batzordeak

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 10a, 12:04

Stop alderdiak jarritako helegiteak eragin du Usurbilgo eta Gipuzkoako beste hamahiru udalerrietan maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan 14 udalerrietan bildutako botoak berriz zenbatu beharra izatea.

Hauteskunde egunen amaieran ezagutarazten diren emaitzak behin-behinekoak izaten dira beti. Ofizialki behin-betikoak bilakatzeko zenbaketa egiten dute gerora tokian tokiko eskualde mailako hauteskunde batzordeek. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetako boto zenbaketa errepikatzea eskatu dio Stop izeneko alderdiak Usurbil barne hartzen duen Donostialdeko Hauteskunde Batzordeari, alderdi honen ikuspuntutik batzorde honek ez duelako "behar zuen lana egin", hedabide ezberdinek berri eman dutenez. Aipatu alderdiak jarritako helegite hori onartu eta botoen zenbaketa berriz egitea erabaki du batzorde honek.

Zehazkiago esanda, eskualde horretan dauden hamalau udalerrietako botoak zenbatuko dira; tartean, Usurbilgoak. Baita beste hamahiru udalerriotakoak ere: Aduna, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia eta Urnietakoak.

Gogoan izan, eskualde osoan soilik Donostiako udal hauteskundeetara aurkeztu zen Stop alderdia. Foru hauteskundeetarako ere hautagai-zerrenda aurkeztu zuen. Ez du ordezkaritzarik eskuratu aipatu erakunde bakar batean ere.