Ezkeltzu, parke eolikoaren arriskupean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 11a, 11:54

2022ko otsailean izan genuen lehen aldiz, Andatzaz bestalde, Ezkeltzu mendian eraiki nahi duten parke eolikoaren berri. Proiektuak ingurunean izango dituen kalteei buruzko nondik norakoak azaldu eta eremua bera hurbiletik ezagutzeko txangoa antolatu zuen Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak duela astebete. Usurbil eta Zizurkil aldetik herritar zutabeak abiatu ziren oinez zonalde hartara. Elkarrekin hainbat azalpen interesgarriren berri jaso zuten.

Gogoan izan, iazko urte hasieran eman zuen ezagutzera Eusko Jaurlaritzak Green Capital izeneko Madrilgo enpresak parke eolikoa eraikitzeko baimena eskatu zuela. "Florentino Perez eta bere sendia daude enpresaren atzean" zehaztu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak. 200 metroko lau aerosorgailu eraiki asmo dituzte. Ondoko irudiotan duzue, zehazkiago non nahi dituzten eraiki errota hauek.

Bilguneak hain zuzen, ekainaren 4ko bisita gidatuan, parke eoliko horrek kaltetuko lukeen, eta honenbestez, "babestu nahi dugun ondare natural eta kulturala" ezagutzera emateko erakusketa bat ere ikusgai jarri zuen, informazio panel ezberdinen bidez. Bertan, proiektuaren tamaina zenbatekoa den azaldu zuten.

Batetik, "hormigoizko zimentu erraldoia izango du haize errota bakoitzak: 25,8 metro diametroko zirkunferentzia, eta 4 metroko sakonerakoa". Horri "normalean haize errota bakoitzaren inguruan" muntaketa lanetarako eraikitzen duten 3.500 metro karratu inguruko plataforma batu behar. Horrekin batera, 121 metroko "meteorologia dorre bat" eraikiko dute. "Honen zimentuak 49 metro karratukoak izango dira eta dorrea altxatzeko 520 metro karratuko plataforma bat eraikiko dute".

Horrez gain, Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformaren arabera, "hormigoizko bideak egingo dituzte haize errotak goraino eramateko"; 5,3 metroko zabalerakoak gutxienez, 4,72 kilometrokoa aipatu bilgunearen arabera. Lau aerosorgailuen artean, gainera, "3,81 kilometroko bidea eraikiko dute".

Hori guztia lurrazalean. "Tentsio ertaineko kableak pasatuko dituzte lurrazpitik" dorreon artean, eta "Adunako tentsio ertaineko estazioraino 8,9 kilometroan zehar.  Eta eraikin bat egingo dute, tentsio ertaineko kontrolerako: 880 metro karratuko lautada bat eraikiko dute horretarako".

Babeseko eremua
Hau guztia "paisaia eta kultura aldetik balio handikotzat" jotzen den eremuan gertatuko da. Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak hain zuzen, Zizurkilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak hala jasoa du eta plangintza hau Gipuzkoako Foru Aldundiak onartua du. "Zona hori babestu eta kontserbatzeko Mendiko Larre gisa kalifikatzen da, bertan eraikuntza-erabilera guztiak espreski debekatzen direlarik, herri onurako eta gizarte-intereseko eraikinak izan ezik". Ez hori bakarrik. "Kalifikazio horri paisaia-intereseko eremuarena gehitu behar zaio, plan bereko ingurumena babesteko arau osagarrien esparruan ezarria, besteak beste, paisaiaren ikuspegitik bereziki ahula den eremu bat dela uste baitu, eta, beraz, eragotzi egiten du edozein motatako eraikuntzak eta instalazioak ezartzea".

Testuinguru honetan, Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak gogorarazten duenez, "parke eolikoak proiektu industrialak dira, beraz, zergatik ez kokatu industrialdeetan edo hiriguneetan?".

"Galera oso larria"
Aipatu lau errotak eraikitzeko, Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak ohartarazi duenez, "lur mugimenduak egingo dituzte eta lurra artifizializatuko dute. Lurrak ehunka urte behar ditu bere onera etortzeko. Lur naturala funtsezkoa da bertan bizi diren milaka mikroorganismoentzako, CO2 xurgatzeko eta bioaniztasunarentzako".

Parke hau eraikitzen bada, kalte larriez ohartarazi du Ezkeltzu Bizirik plataformatik; "lur mugimendu ikaragarriak ekarriko lituzke ekimenak, porlana eta pista zabalak gure mendietan, beste kalte larrien artean". Eta horrekin, "klima larrialdiaren izenean natur eremuak suntsitzeak arazoa larriagotu besterik ez du egingo. Babestu ditzagun natur eremuak, hain justu natur eremuek egiten baitiote aurre klima larrialdiari: CO2 xurgatuz eta tenperatura freskoagoei eutsiz".

Bioaniztasuna arriskuan jarriko lukeela diote. "Ezkeltzuko ekosistemaren orekari eusteko funtsezkoak diren hainbat anfibio, narrasti eta mikrougaztun bizi dira bertan". Errota hauen "besoak jota" 150 espezietako hegazti eta hainbat espezietako sagusarrak hiltzeko arriskuan egongo lirateke. "Hauen galera oso larria litzateke", egoera zaurgarrian edo desagertze arriskuan daudelako; besteak beste, Miru Gorria, Sai Zuria edota Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan "Interes Bereziko" animali bezala izendatua dagoen basakatua".

Landarediari dagokionean, eremu berean hazten dira "babesturik dauden eta udaberrian loratzen diren narzisoak".

Infrauhinak eta "diskoteka-efektua"
Tokiko abeltzaintza ere kaltetuko luke parke eoliko honek. Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformaren arabera, zonalde horretan "bizi zein larretzen den ganaduak eragin zuzenak jasango lituzke". Besteak beste, "larreen murrizte nabarmena, ganaduaren osasunean zein ongizatean eragin kaltegarriak...".

Ez soilik animali eta landareentzat, baita gizakiontzat ere. Errota hauek "kilometrotara zabaltzen dituzten infrauhinak sortzen dituzte". Horien eraginpean denbora luzez egoteak "gaixotasun bibroakustikoa deritzona sortu dezake: nekea, goragalea, zorabioa, burrunba belarrietan, insomnioa, antsietatea, memoria eta kontzentrazio zailtasunak, baita azal eta urdail-hesteetako arazoak ere". Burmuinean eta bihotzean eragin dezaketela ohartarazten duten hainbat herrialdeetako unibertsitateetako ikerketa prestigiotsu badirela ere gaineratu dute; besteak beste, burmuin desorekak eta "afekzio kardiobaskularren gaitzen ugaritzea" ekar dezake.

Eguzkia erroten atzean kokatzean eta "aspak biratzen daudenean proiektatzen diren itzal kliskatzaileen eraginak larriak dira" baita, ohartarazi dute. "Oso estresagarria izan daiteke, eta osasun-arazo jakin batzuekin ere lotzen da, hala nola, epilepsiarekin. Diskoteka-efektu honek animaliak ere zoratzen ditu, hiltzeraino iritsiz".

Memoria historikoaren aztarnak ere arriskuan
Ingurumenerako kalteak soilik ez, parke eolikoak galbidean jar dezake herri honen memoria historikoa. 2013az geroztik inguruneaz egin duten ikerlanaren baitan, 2020an "Ezkeltzuko lur eremuen prospekzio zabala osatu zen. Prospekzio horretan dokumentatu ziren mendiaren mugak, saroi harri bat, elurzuloa, balizko lubakiak eta gerra-materialak sakabanatuta zeuden eremuak".

Urtebete beranduago, "lubaki bat induskatzeari ekin zitzaion: zazpi metro zulatu ziren eta 36ko Gerrarekin lotutako 3.000 elementu baino gehiago dokumentatu ziren". 2013az geroztik, "Saseta Defentsa Sistemaren barruan inoiz" ez zuten aurkitu "hain material anitz eta osoak dituen lubakirik".

Ez da bakarra
Ezkeltzuko parke eolikoaz ari gara lerrootan, baina aipatu plataformatik gogorarazi duten moduan, ez da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraiki nahi duten bakarra. "15 zentral eoliko tramitatzen" ari dira. Gipuzkoan Ezkeltzukoaz gain, beste bost, "herri hauetan: Azpeitia-Errezil-Zestoa; Urretxu-Antzuola; Azkoitia-Zumarraga-Urretxu; Soraluze-Elgoibar; eta Leintz-Gatzaga aldean. Plan horren arabera, "Gipuzkoan bakarrik 35 zentral eoliko aurreikusten dira (Ezkeltzu agertzen ez delarik), 70 bat guztira Euskal Herrian".

Hainbat eragileek alegazioak aurkeztu dituzte, taldeak ere sortu dira han eta hemen. "Denen artean sarea osatzen dugu helburu bera lortzeko: Mendiak Aske!". Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformarekin hartuemanetan jartzeko bide hau duzue: ezkeltzubizirik@gmail.com