Ane Ibargoyen Alvarez, On Zientzia bideo-lehiaketan saritua

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 12a, 10:30

Zientzia eta teknologiaren dibulgazioa xede nagusi duen bideo-lehiaketan saritu dute Usurbilgo arkitektoa. Ane Ibargoyen Alvarezek txapelketara aurkeztu duen "Mina edo pikantea? Pikante edo mina?" ikus-entzunezkoak euskarazko bideo onenaren izendapena jaso du.

Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC), ETB-k astero eskaintzen duen Teknopolis saioaren baitan On Zientzia izeneko bideo-lehiaketa antolatzen dute. Txapelketaren helburua, zientzia eta teknologiaren dibulgazioa sustatuko duten "bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea" da.

Hamahirugarren ediziora heldu den lehiaketa honi lotutako sariak banatu dituzte astelehen honetan, ekainaren 12an, Donostiako Tabakaleran; guztira lau, eta haietako bat herrikide batek jaso du. Euskarazko bideo onenaren 2.000 euroko saria irabazi du Ane Ibargoyen Alvarez Usurbilgo arkitektoak, ”Mina edo pikantea?” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “estetikoki sinplea den lana da, baina oso eraginkorra. Irudian kolore gorriak protagonismo handia du, eta hori gaiarekin oso lotuta dago. Eguneroko gai bat oso argi azaltzen eta ikuslearengana iristen primeran asmatu du”.

Albiste honi atxikitako bideoan duzue, Ibargoyenek aurkezturiko lana. Hala dio sinopsiak. "Askok pikantea edo mina zapore bat dela uste dute, baina ez da hala. Pikantea minaren sentsazioa da, euskaraz bere izenak dioen bezala".

Nazioarteko parte hartzaileak
Berarena kontuan izanda, guztira 80 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan. "Parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak aurkeztu dira lehiaketara, parte-hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Izan ere, lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu badira ere, hainbat bideo jaso dira Poloniatik, Mexikotik edota Indiatik, besteak beste". Epaimahaia kideok osatu dute: "Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Sara Hernandez Askasibar, Tabakalerako 2deoko arduraduna; Jon Mattin Matxain Beraza, UPV/EHUko ikertzailea eta DIPCko elkartua; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria".

Usurbilgo arkitektoak jasotakoaz gain, sariok ere banatu dituzte:
-Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) Daniel González Escudero informatika-ingeniariaren (Madril) "Loquita por sus huesos” lanarentzat.
-Gazte Saria (1.000 €) Mutiloako (Nafarroa) Luis Amigó ikastetxeko Fermín Martínez Zabalza eta Aitor Ros Bengochea  “Storytime con mi primo y con Mendel” lanarengatik.
-Publikoaren saria: Carlos David Macias Santillan eta César Hilario Gómez Fonseca ikasle mexikarren “La IA y el arte” eta Aimar Luis eta Elene López Donostiako Axular Lizeoko ikasleen “Zoriontasunaren zientzia” bideoek garaikur bana eskuratu dute.

Sari banaketaren nondik norakoak Teknopolis saioan ikusi ahalko ditugu datorren asteburuan; ekainaren 17an, larunbatean, 13:30etan hasita ETB1en. Informazio gehiago eta lehiaketako bideo guztiak www.onzientzia.tv atarian ikusgai.