Euskara errefortzu programa gaztetxoentzat

Ezinbestekotzat jo duten programa hau eskertu dute ikastetxeek

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 12a, 15:50

Aginagako eta Zubietako eskolek, Udarregi ikastolak eta Usurbilgo Udalak euskalduntzeko beharra duten gaztetxoentzat landu duten euskara errefortzu programa aurkeztu dute gaur Potxoenean. Aipatu hiru ikastetxeotako ordezkariak bildu ditu agerraldiak.

Esker ona agertu dute ezinbestekotzat jo duten egitasmo hau martxan jartzeagatik, datorren ikasturtetik aurrera. "Eskertu Udalak abian jarriko duen ekimen hau, oso beharrezkotzat jotzen dugulako". Aurrera begira ere, "Udarregi ikastola bai eskola txikiekin eta Udalarekin ere lanean jarraituko du elkarlanean euskara zabaldu eta bermatzen".

Ildo beretik mintzatu da baita, Zubietako eskolako zuzendari Jugatz Illarramendi. "Urteak daramatzagu entzuten eskolak bakarrik ezin duela euskaldundu". Horren aurrean, "Usurbilgo Udala ez da bakarrik diagnosi horrekin geratu, baizik eta eragiten hasi da". Esker ona adierazi dio programa hau martxan jartzeagatik, ezinbestekotzat jo du eta egitasmo hau. "Eskolatik kanpo euskaraz aritzeak ezinbesteko lana suposatzen du, azkenean afektiboki ere gertutasuna behar dutelako hizkuntzarekin eta hori askotan eskola barruan, akademikoki soilik erabiltzen den hizkuntza batekin ezinezkoa da". Eskolaz kanpoko errefortzu saio hauekin, aldiz, Udalak "euskara zaintzeko beste espazio bat" eskainiko du, "doakoa eta benetan euskarari garrantzia emango diona, eskola eremutik kanpo".

Programaren ezaugarri batzuei erreparatu nahi izan dio Aginagako eskolako zuzendari Leire Salaberriak. "Ahozkotasunaren indartzea, ulermena... Hori guztia txikitatik ondo bermatzen baldin bada, aurrera doazen neurrian zailtasun gutxiago izango dituzte", zioen. Oparitzat jo du egitasmo hau familientzat.

Hezkuntza mahaia
Egitasmo honen bueltako lankidetza hezkuntza mahai batean bideratu dute bertan inplikaturiko eragileek. Gaurko aurkezpenean Usurbilgo alkateak zioenez, "ez nuke mahai honen zereginak bukatutzat ematea nahi, egitasmo hau eta beste batzuk ere sortuko direlako". Bilgune honek "asko eman dezakeela" adierazita, hurrengo ikasturtean segida ematera deitu du. "Gure aldetik behintzat, langune horrekin jarraitzeko prestutasun osoa dugu, asko eman dezakeelako eta horretan jarraituko dugu".