Euskara errefortzu programa gaztetxoentzat

"Haurren euskalduntze prozesuan laguntzea", errefortzu programaren erronka nagusia

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 12a, 15:58

Antzeko egitasmoak martxan jarri dituen Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak dinamizatuko du, gaztetxoen euskalduntze prozesua indartzeko programa. 

HH5-DBH4 arteko gaztetxoentzat eskolaz kanpoko euskara errefortzuko programa aurkeztu dute hurrengo ikasturterako Usurbilgo Udalak eta herriko hiru ikastetxeek, agerraldi bidez astelehen honetan Potxoenean. Haiekin zen baita Lasarte-Oriako Ttakun Elkartea ere. Egitasmo hau dinamizatzeaz arduratuko da.

Ttakun kultur elkarteko langile Jonpe Artetxek eman ditu xehetasunak. Erronka nagusi bat izango du: "haurren euskalduntze prozesu horretan laguntzea", Artetxek zehaztu duenez, eta bide horretan, "bizipen berri batzuk eskaintzea"; hala nola, "eskolak eman dezakeen ordutegi eta zorroztasun horretatik aparte hizkuntzarekin bizipen goxo batzuk izatea".

Beharren araberako egokitzapenak
Dinamika parte hartzailea izango dela aurreratu du, "alderdi ludikoa ardatz izanda, ahozkotasunaren lanketan zentratua" egongo dena. Ezagutza eta erabilera maila ezberdinak egon daitezkeenez, "bakoitzaren egoerara moldatzen eta horrekin batera talde bakoitzean dauden ezberdintasun horiek ahalik eta txukunen kudeatzen saiatuko gara". Adibidez, helduen taldean, DBHkoen artean, "aspektu akademikoari ere begiratu behar zaio". Ikasgaiak gainditu behar izaten dituztenez, "ez dugu esan nahi klase partikularrak izango direnik, baina bai bermatuko dugu haien kasuan gutxienez, eskolatik bidalitako etxeko lan guztiak gutxienez ulertuak izango dituztela, uste baitugu normalean behintzat ez dutela etxean laguntza izango".

Horregatik, talde txikiak osatzea proposatzen dute, gehienez 10-12 lagunekoak, gaztetxo bakoitzaren beharretan egoki eragiteko. Asmoa, bost talde osatzea da; Aginagan eta Zubietan bana eta beste hiru Usurbilen. HH5etik DBH4ra arteko gaztetxoei zuzenduriko eskaintza izango da. Astean hiru ordukoa, ordu eta erdiko bi saiotan banatua. Urrian abiaraziko dute doako programa berri hau.

Hezitzaileen lan deialdia
Programa honetan jarduteko hezitzaileak beharko dituzte. Garrantzitsutzat jotzen du Artetxek, "bertakoak izatea", herria eta inguruak ezagutuko dituena, txangoak egin ahal izateko. Hain zuzen, ikasgelatik irten eta ingurune naturalarekin, kirolak, dantza... "halako gaien zertzeladatxoak sartzea gustatuko litzaiguke".

Hezitzaileek kurrikulumak bidaltzeko epea zabaldu du uztailaren 2ra arte Usurbilgo Udalak. Programa honetan parte hartu asmo dutenentzako, aldiz, irailaren 18tik 29ra bideratu beharko da izen-ematea, nork bere ikastetxean edo herritik kanpo ikasten dutenek Usurbilgo Udaleko Euskara Sailarekin jarri beharko dute hartuemanetan "hark ebatziko du ikasle horiek errefortzu beharrik ote duten edo zein bestelako aukera iradoki". Egitasmoa ez dago soilik Euskal Herritik kanpo datozen gaztetxoei zuzendua, baita bertan jaio baina euskalduntze beharrean direnei ere.

Modu esperimentalean jarri nahi dute martxan programa hau, urtebeterako. Hala hitzartu du Udalak ekimena dinamizatuko duen Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartekoekin. "Gero ikusiko da zer egokitzapen egin ahal zaizkion etorkizunari begira".

Zegama eta Beasain aitzindari
Usurbilen martxan jarri asmo duten egitasmo hau ezaguna dute Ttakunen. Beasainen eta Zegaman kudeatzen arituak dira aurrez. Kezka partekatu batetik abiatu ziren han ere lanean; alegia, eskolak ez zirela aski kanpotik zetozen haurrak euskalduntzeko. Esperientzia hauen berri izan ostean, "Usurbilgo Udalak gugana jo zuen".