Euskara errefortzu programa gaztetxoentzat

Eskolaz kanpoko errefortzu programa urritik aurrera, euskalduntze beharra duten gaztetxoentzat

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 12a, 16:08

Euskararen ezagutza eta erabilera gaztetxoenen artean sustatzeko egitasmo berria iragarri dute gaur Usurbilgo Udalak, herriko hiru ikastetxeek eta zerbitzu berri hau dinamizatuko duen Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak; euskara errefortzuko programa gure artera beste sorterri batzuetatik bizitzera etorritakoen nahiz Usurbilen bizi arren, euskalduntzeko beharra dutenen HH5-DBH4 arteko gaztetxoentzat.

Euskararen errefortzuko programa berri hau, eskolatik kanpo eskainiko da, urritik aurrera, euskalduntze beharra duten gaztetxoei zuzendua egongo da. Azken urteotan, nabarmen aldatzen doan herriko eta ikastetxeetako errealitate soziolinguistikoari erantzuteko abiaraziko dute. "Azken urteotan, ugaritzen ari da gure herri eta ikastetxeetako jatorri aniztasuna. Geroz eta gehiago dira Euskal Herritik kanpo geurera bizitzera datozen herritarrak; ondorioz, geroz eta gehiago dira euskara ezagutzarik eta gaitasunik gabe iristen diren herrikideak, tartean umeak eta gaztetxoak. Ikastetxeetako errealitate soziolinguistikoa aldatzen ari da eta horrek egitasmo bereziak eta horri erantzungo dioten egitasmoak sortzea eta martxan jartzea eskatzen digu, eta hau da horietako bat", azaldu du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Helburu bikoitza du egitasmo berri honek; "alde batetik, euskara ez dakiten ikasle etorkinei berariazko laguntza eskaintzea, hizkuntza eta komunikazio trebetasunak lehenbailehen eskura ditzaten, eta bestetik, ikasle horiei hezkuntza sisteman sartzen laguntzea". Udalak hilabete luzez ikastetxeekin batera bideratu duen lanketaren baitan bildu ahal izan dituzten datuen arabera, 20 bat dira herriko ikastetxeetan "ez euskara ez gaztelania" ez dakiten gaztetxoak, eta orohar, "gisa honetako programa baten beharra duten 70 ikasle inguru daude".

Zenbakiokin halako egitasmo baten beharra agerikoa dela diote sustatzaileek. Horregatik, "proiektu honen bidez euskara ikastearen garrantzia ondo adierazi eta helarazi nahi diogu geurera bizitzera etortzen diren pertsonei, gure eguneroko hizkuntza badelako euskara eta horregatik gure herrian, Usurbilen, integratzen laguntzeko euskara jakiteak duen garrantzia azaldu nahi diegu".

Aurrekariak
Aniztasuna modu demokratikoan kudeatu eta "aniztasuna balio positibo bezala proiektatzeko" helburuz, Udalak duela urte batzuetatik jorratzen ari den jatorri aniztasuna eta bizikidetza lan ildoaren baitan kokatzen du gaur aurkeztu duten euskara errefortzurako programa ere. Alor honetarako "proiektu estrategiko oso bat" prest dute.

Astelehen honetan iragarritako egitasmoaz gain, jatorri ezberdinetako herrikideekin batera Aniztasun Kontseilua osatu dute, udal barruan ere aniztasuna zeharlerro gisa jorratzeko lan taldea martxan dute. Laster aurkeztekoak dira landu duten harrera protokoloa, herrira bizitzera datozenen "integrazio prozesuaren lehen fase" gisa. Testuinguru horretan, gaur aurkezturiko proiektuarekin "harrera linguistikoari ere erreparatzen ari gatzaizkio, gure herrira bizitzera datozenak hasieratik euskarara hurbiltzeko. Helduekin bi talde ditugu martxan eta gaztetxoei bideraturiko euskara errefortzurako klaseak osatzera goaz eskolaz kanpo".

Aztikerren ikerlana
Jatorri geroz eta anitzagoetako herrikideak bizi direla Usurbilen, hori egiaztatzen duen ikerlanik badu udalerri honek; Usurbilgo Udalaren enkarguz, urtero Aztikerrek lantzen duen "Usurbil zenbakitan" izeneko behaketa lana. Urte hasierako datuak aurkeztu ditu gaur alkateak, euskara errefortzuko gaztetxoentzako programa berriaren aurkezpen agerraldian.

Iaz, joandakoak baino gehiago dira Usurbila bizitzera etorritakoak. Usurbilen bizi direnen artean, Euskal Herritik kanpo jaiotakoen kopurua gehitu egin da bestalde.

Usurbilgo biztanleak: 6.387.
Euskal Herrian jaiotakoak: 5.213.
Euskal Herritik kanpo jaiotakoak: 1.174 (%18,4). %0,6ko gorakada.
Euskal Herritik kanpokoen jatorria:
-Espainiako estatua: 624.
-Nikaragua: 71 (iaz baino 25 gehiago).
-Honduras: 52.
-Maroko: 42.
-Kolonbia 41.
-Ukraina: 29 .
-Ekuador: 28.

Iaz Usurbildik joandakoak: 198.
Iaz Usurbila bizitzera etorritakoak: 317 (aurreko urtean baino %18,5). 174 Euskal Herrian jaiotakoak. Gainerakoak: %17a Europatik (Espainiako estatuan eta Ukrainan jaiotakoak gehienak), %19,2 Ertamerikatik eta Hegoamerikatik (62), 18 Afrikatik eta 6 Pakistanetik etorritakoak.