Ikastola Egunaren azken txanpa
Asteburuan bideratu zituen Udarregik Ikastola Eguneko ospakizun nagusiak. Halere, zenbait ekimen egingo dituzte egunotan. Hasteko, bihar, ekainaren 14an, "Agenda 30" egitasmoaren baitan, ikasleek urtean zehar landutakoa aurkeztuko diote alkateari, 9:30etan udalbatza aretoan. Ostiral goizean, beste ikasle talde batek Aranerreka bazterrak garbituko ditu Kalezar parean eta Txokoalden, Oria ertzak.
Aginagako eskolakoen ikuskizuna
2022-23 ikasturtea agurtzeko Aginagako eskolako ikasleek ikuskizuna eskainiko dute ekainaren 21ean, 12:00etan Aginagako Eliza Zaharrean.
UdaFest-eko azken hitzordua
Zubietako eskolako guraso elkartearen eskutik, iragan aste osoan zehar, UdaFest ekimen zikloa antolatu zuten. Azken hitzordua, ordea, ostiral honetarako, ekainaren 16rako, iragarri dute 17:00etan; Antzerki Eguna ospatuko dute.
Orbeldikoekin dantzan
Udako jaietako emanaldien denboraldiari ekin aurretik, 2022-23 ikasturtea ondoen egiten dakiten moduan, dantzan agurtu asmo du Orbeldik. Larunbat honetan, ekainaren 17an, 13:00ean hasita, askotariko dantzak iragarri dituzte Mikel Laboa plazan. Bide batez, iragarri dutenez, zabalik dute 2023-24 ikasturterako matrikulazioa. Izen-ematea aurrez aurre bideratu nahi dutenek, ostiralean, hilaren 16an, 17:30-18:30 artean Orbeldik Oiardo Kiroldegian duen egoitzara joan besterik ez dute. Bestela, online ere apuntatzeko aukera egongo da, esteka honetan duzuen formularioa beteta: Orbeldikoen matrikulazioa
Xehetasun gehiago dantza taldekoen sare sozialetan jaso ahalko dira.
Kantu Taldea Bilbora
Maiatzean eskaini zuen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak udako etenaldi aurreko ohiko azken kantu-jira. Ekainean ez dute saiorik izango, baina bestelako hitzordu bat deitu dute; txangoa Bilbora. Larunbat honetan, ekainaren 17an, Bizkaiko hiriburuan egingo den "Euskal Herria Kantuz" kantu-jira nazionalean parte hartzeko deia egin dute.
Zumartekoen kontzertuak
Ikasturte hau kalean agurtuko dute musika eskolakoek. Urtean zehar eginiko lanketa jendaurrean erakutsiko dute, datorren astebururako iragarri dituzten ekitaldion bidez:
Ekainak 16, ostirala
18:00-20:00 Formatu txikiko taldeen kontzertua, Zumarte Musika Eskola atarian.
Ekainak 17, larunbata
17:30 Trikitixa, pandero, haize eta perkusioko ikasleen kalejira (frontoitik abiatuta).
18:30-21:30 Kontzertuak (frontoian): Musika Txokoa eta Mintzairako ikasleak, Abesbatzak, Talde instrumentalak eta Orbeldi Dantza Taldea.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.