Bilera eta turismoa hizpide izango duen solasaldia egunotan Aitzaga elkartean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 13a, 10:45

Xabier Peñalver. Ostiralean hitzaldia eskainiko du Aitzaga elkartean.

Asteazken eta ostiralerako lerrootan bildu ditugun deialdiok iragarri ditu Aitzaga elkarteak.

Aitzagako bazkideen bilkura
Elkarte honetako bazkideen bilkura deitu dute ekainaren 14an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan.

Zikiro-janerako txartelak
Usurbilgo festen baitan, uztailaren 1ean egingo den zikiro-janerako txartelak ekainaren 16an eskuratu ahalko dira, ostiralarekin, iaz egin zuten moduan. Aitzaga elkartean jarriko dituzte salgai 19:30etan, antolatzaileek berri eman dutenez, iazko prezioetan. Bertara, Askatasuna plaza aldetik sartuta erosi ahalko dira. Une horretan agortze ez badira, Bordatxon eta Txiribogan eskuratu ahalko dira.

Liburu aurkezpena
"Revolución, resistencia y memoria-Patrimonio de la humanidad" izeneko liburua idatzi du Xabier Peñalverrek. Egilea bera gonbidatu dute Txalaparta argitaletxeak plazaraturiko lan hau aurkeztera, ostiralean, ekainaren 16an, arratsaldeko 19:00etan Aitzaga elkartean. "Euskaldunok munduko beste herrialdeak eta bazterrak ezagutzeko jakinmina eta joera dugu. Baina turismo merkatuko operadore handien eta publizitate kapitalistaren amaraunean harrapatuta, oharkabean, haiek bideratzen gaituzten toki, herri, ingurune, museo edota ondare historikoak ezagutzera mugatzen gara" eta, ondorioz, "maiz gertatzen da, herrialde horretako historia, gertakizunak eta lekuak hobeto ulertzeko oso gertu egon daitezkeen beste hainbat gauza interesgarri ezagutzeko aukera galtzea". Urteetan bildutako pista hauekin, ostiralean Aitzaga elkartean aurkeztuko duen gida osatu du Peñalverrek.