Ekaitz girotik euri zaparradetara, abisu horian gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 13a, 08:07

Arratsaldeko 21:00ak arte abisu horian izango gara prezipitazio handiagatik.

Astelehen arratsaldeko azken orduetan izan genuen trumoi hots eta tximistak dituzue albiste honi atxikitako bideoan. Ekaitz giroa izan genuen atzo. Gaur, aldiz, euria gogotik egin dezakeela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Abisu horia ezarri du astearte goizeko 11:00etan hasi eta arratsaldeko 21:00ak arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, bereziki kostaldean. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu Kantauri isurialdean, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki kostaldean", ohartarazi dute meteorologia agentziatik. 

Honenbestez, gaur, Usurbilen, Euskalmet-en arabera, "zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri eta indar handiz botako ditu. Ekaitzak jo dezake. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Bihar atertze aldera egingo du egunak. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Eguna aurrera joan ahala atertuz joango da eta ostarteak zabalduko dira. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira" .

Ostegun "goizean lanbroa eta lainoa. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeien tarteekin; goizaldean eta goizean goiz zerua tarteka hodeitsu agertuko da. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da eta arratsaldean ipar-osagaitik finkatuko da, tarteka bizi. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus