Elkartasun postua, 3 Uxue Trail mendi lasterketa egunean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 14a, 08:49

Kamisetak eskuratu nahiz Phelan McDermid elkartearen postua jarriko dute igandeko 3. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioan.

Badator, kirola eta elkartasuna uztartuko dituen 3. Uxue Trail mendi lasterketa. Iganderako, ekainaren 18rako, antolatu dute. Gogoa izan, etzi, ostiral gaueko 22:00ak arteko epea dago izen-emateko kronoak.com atarian. 

Antolakuntzak jakinarazi duenez, "beste urteetan bezala, proba egunean, ekainaren 18an, Usurbilgo frontoian, Uxue Trail kamiseta erosi ahal izango duzue. Modalitate desberdinetan izen eman duzuenak (trail luzea, motza edo paseoa) izango duzue zuena, baina aparte gerturatzen zaretenak ere, aukera izango duzue eskuratzeko". 

Horrez gain, "Phelan McDermid elkarteko kideak ere egongo dira bertan merchandising-a saltzen. Gogoratu, lortzen den dirua, sindromearen ikerketarako izango dela. Ekainaren 18an, denok Usurbilera!!", egin dute gonbita.

Iragan asterako dagoeneko gutxienez 300 lagunek izena emana zuten igandeko ekimen solidariorako. Ohi bezala, parte hartzeko lau modalitate eskaini dituzte antolatzaileek: 20 kilometroko eta 11,5 kilometroko trail luzea eta motza hurrenez hurren eta 5,5 kilometroko paseoa. Lasterketan parte hartzerik ez dutenek dortsal solidarioa eskuratzeko aukera izango dute.

Ikerketarako laguntza
Andatza inguratzen duen elkartasun ekimen honen bidez, herrikidea dugun Uxue Martinek duen Phelan-McDermid izeneko gaixotasun arraroa ezagutarazi nahi dute, sentsibilizatu eta eritasun honen ikerkuntza sustatzeko laguntza bildu. 

"Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko antolatu dugu Andatza mendian zehar ibiliko den mendi lasterketa hau. Gure helburu nagusia gaixotasun honen sentsibilizazioa da, baina sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke. Hori dela eta, bai korrika bai dortsal solidarioaren bidez, ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Opariak zozketatuko ditugu lasterketa amaitzean, parte-hartzaile guztien artean!".

3. Uxue Trail
Ekainak 18, igandea
9:00 Trail luzea (20 km): https://labur.eus/pfQ4V
9:15 Trail motza (11,5 km): https://labur.eus/K7c5B
10:00 Paseoa (5,5 km): https://labur.eus/Yw7vt
Dortsal solidarioa: diru ekarpena egiteko aukera.

Izen-ematea: ekainaren 16ko gaueko 22:00k arte kronoak.com atarian.
Informazio gehiago: 22q13.org.es