Usurbilgo jaiak

Usurbilgo jaietako zenbait otorduetarako txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 15a, 11:55

Badatoz Usurbilgo jaiak! Festa giroa hurbildu ahala, lagunartean otordu eder askoren bueltan biltzeko adi lerrootako oharrei. Jaietako hitzorduotarako lekua egunotan hartu beharko da.

Jubilatuen bazkaria
Adinekoak uztailaren 3an, astelehenarekin bilduko dira aurten, Atxega Jauregian. 14:00etan hasiko den otordurako txartelak salgai izango dituzte ostiralera arte, ekainaren 16ra arte Gizarte Zerbitzuetan eta hiru jubilatu elkarteetan; Gure Pakeak Artzabalen duen egoitzan, Santuenea Elkartean eta Aginagako Arraten. Ostiraleko eguna igarota, inork txartelik nahiko balu badaezpada Gizarte Zerbitzuetara deitu dezala, 943 377 110 telefono zenbakira.

Gazte bazkaria
Haurren Egunarekin batera, gazteena ere ekainaren 30ean ospatuko dute. Besteak beste, bazkaria antolatu dute 14:30etan, Mikel Laboa plazan kokatuko duten txosnagunean. Otordurako txartelak 12 eurotan salgai jarri dituzte Txirristran eta Txiribogan. "Animatu eta etorri!", egin dute gonbita Xauxar Txosna Batzordetik.

Zikiro jana
Asteotan gogorarazten ari garen moduan, zikiro jana ere izango dute ate joka ditugun Usurbilgo jaiek. Uztailaren 1ean egingo da, 14:00etan hasita Askatasuna plazan. Txartelak, ostiral honetan, ekainaren 16an jarriko dituzte salgai Aitzaga elkartean, Askatasuna plaza aldetik duen sarbidean. Iazko prezio berean eskuratu ahalko dira. Une horretan agortzen ez badira, gerora Txiribogan eta Bordatxon eskuratu ahalko dira.

Otordu gehiago
Festetan kalean, lagunartean afaldu nahiz bazkaltzeko aukera gehiago izango dira; besteak beste, oilasko biltzaileen bazkaria hilaren 29an izango da, haurrena biharamunean.