2022-23 ikasturte amaiera

Bretoiak geure artean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 15a, 10:11

Astebetez, gazte bretoi talde bat izan da Udarregikoekin trukean, Usurbilgo hainbat etxeetan astebeteko egonaldian.

Ekainaren 7an egin zion harrera Udalak Potxoenean. Egun batzuetarako bizileku zuten udalerria honen nondik norakoak aurkeztu zizkien lehenbizi Usurbilgo alkateak. Herri hau ezaugarritzen duten balore, ohitura eta beste hainbat kontu azaldu zizkien; euskara, hondakinak, errioa, kultura...

Segidan, larunbat eta igande eguerdiro herri honetako kaleek dituzten kultur altxorrak ezagutzeko antolatzen diren 'Usurbil Museo Irekia' bisita gidatua eskaini zitzaien.

"Borroka etengabekoa da"
Ibilbidean zehar, ikasleokin etorritako irakasleetako bat, sortzez Bilbokoa, elkarrizketatzeko aukera izan zuen hedabide honek; Laura Rubio Sanz. Côtes d ́Armor probintzian kokatua dute ikastetxea. Bretoia ikasteko aukera eskaintzen duen bakarretakoa. Ondorioz, Laurak NOAUAri adierazi zionez, herrialde osotik datoz ikasleak bertara, eta lau egunez ia bizimodu osoa bertan egiten dute. Ez dute erraza, bertako hizkuntzari eustea. "Munduko oztopo guztiak jartzen dizkigute ikasteko", azaldu digu. Are gehiago, "ia laguntzarik ez dugu jasotzen, borroka etengabekoa da".

"Asko dugu ikasteko hemen"
Bretoiak zer nolako egoera bizi duen galdetuta, "oso gutxi erabiltzen da, oso leku gutxitan" erantzun digu. Ondorioz, "transmisioa oso zaila da", horretarako gakoa zen belaunaldian etenaldia izan baita. Eremu gutxi batzuetan babestu da bretoiaren erabilera, ikastetxe hau dago horien artean. Horregatik, gure artera egindako bisitatik zioenez, "hemendik asko dugu ikasteko".

Baina oztopoak ez dira gutxi. Bretoiaren aitortza faltaren adibide xume bat jarri digu. "Hirugarren mailan selektibitate txiki baten antzeko proba egiten dute. Seaskako ikastolek euskaraz egin ahal izan dituzte proba hauek. Guri ez digute bretoieraz egiten uzten. Etengabekoa da borroka", alabak bretoiera ikasten dituen Bilboko irakaslearen esanetan.

Elkar ezagutzarako egonaldia
Astebeteko egonaldi hau oso lagungarria zaiela adierazi digu. "Gure ikasleek euskal kultura ezagututa, zentzu gehiago ikusten diote kultura bretoiari". Batzuen zein besteen hizkuntza eta kultura trukerako, elkar ezagutzarako ezin ekimen aproposagoa Udarregikoen eskutik bideratu dutena.