Laguntza ukatu dio Jaurlaritzak garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen Usurbilgo ikasle bati

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 15a, 10:53

Argazkia: ARGIA.

Argia hedabideak eman du lekukotza honen berri. Salaketa Usurbilgo ikasle honen amak egin du hedabide horren bidez.

DBHtik Lanbide Heziketarako jauzian orain arte zuen jardunaldi osoko laguntzailea ukatu dio Eusko Jaurlaritzak garun-paralisia eta %87ko desgaitasuna duen Usurbilgo ikasle bati. "Usurbilgo gazte batek ikastordu guztietan laguntzailea izan du orain arteko ibilbide akademikoan, baina Lanbide Heziketara igaro denean, jardunaldi erdian baino ez diote jarri laguntzailea. Laguntzailerik gabe dagoen orduetan ezinezkoa zaio aurrera egitea, eta ikastetxeak berak lanaldi osoko laguntzailea eskatu du, baina ukatu egin dio Hezkuntza Sailak".

Ezinbestekoa du laguntza hau Usurbilgo ikasle honek.  "Gurpildun aulki elektrikoa behar du, ikusmen arazoak ditu eta eskuineko eskua mugitu dezake, baina zailtasunekin. Hala, “ikas-materiala egokitzea behar du eta papera edo ordenagailua erabiltzeko laguntza behar du, ezin baitu gelakideen abiaduran egin, eta idatzi ere geldoago egiten du”, azaldu dio bere amak ARGIAri.

Egoera konpontzen ahalegindu dira, baina alferrik. Lanbide Heziketan Kudeaketa Administratiboa ikasten hasi zenetik, ikastetxea alboan izan du. "Zentroaren eta irakasleen aldetik, erabateko inplikazioa izan dute eta ondoan izan dituzte denbora guztian". Laguntza hau eskaini behar dion Eusko Jaurlaritza, aldiz, bistan denez ez. "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren argudioa, nahikoa izan zitekeela jardunaldi erdia, baita onuragarria ere, autonomia garatzeko". Testuinguru honetan, gainera, “utzi dioten alternatiba bakarra ikasketak bertan behera uztea da, bertan behera uztea formatzeko, garatzeko eta enplegua eta etorkizun oparoa izateko aukera”, kontatu dio ARGIAri.

Gaineratu duenez, egoera honen eraginez, alaba "terapia psikologikoan dago". Ez da gutxiagorako. "Urte oso gogorra izan da, eta osasunean eta bizitza pertsonalean eragin dio. Ikasten jarraitzen du, eta baita terapia psikologikoan ere. Asko hitz egiten da nerabeen buru osasunaz; badakite zer nolako ondorioak dituen egiten ari direnak, zenbat jendek sufritzen duen honekin, nire alabarengandik hasita?”, dio bere amak. 

Lekukotza osoa, argia.eus atarian irakur dezakezue.