3. Uxue Trail, Aztarri-Cup-en amaiera eta pilota, asteburuko kirol agendan

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 16a, 08:09

Lasterka bizian datorkigu asteburua, 3. Uxue Trail lasterketa solidarioarekin. Ostiral gau honetan itxiko dute probarako izen-ematea. Bestalde, mende erdia bete duen Usurbilgo Pilota Txapelketako azken fasera begirako lehen neurketak jokatuko dira. Aztarri-Cup amaituko da bestalde, ostiral gau honetan bertan.

Azken txanpari begira da mende erdia bete duen Usurbilgo Pilota Txapelketa. Santixabel egunez jokatuko dira finalak. Azken fasera begira da jada ekimena. Asteburuan lehenengo finalerdiak:

Ekainak 16, ostirala
18:30 Usurbilgo kadeteen txapelketa:
1) Alejo-Errasti - Aburuza-Pagola
2) Izagirre-Oñate - Perurena-Elola
 
Ekainak 17, larunbata
11:30 Usurbilgo 50. Nagusien binakako txapelketako final erdiak.
1) Alberdi- Irazustabarrena vs Orbegozo-Albeniz
2) Amiano- Sorondo vs Olaizola- Aranguren

Bestalde, errendimenduko Udaberri Txapelketako eskuz binakako finalak jokatuko ditu Pagazpeko alebinen 2. mailako taldeak (E. Alejok-M. Alejok) larunbatean 18:30etan Alegian, Intxurre 1 taldekoen aurka.

Aztarri-Cup-en amaiera
Maiatzaren 13an ekin zioten Aztarrika Gazte Asanbladak antolaturiko ostiral gauetako lagunarteko txapelketa mistoari. Hokeyan eta artzikiroletan aritu dira ordutik Usurbilgo frontoian, herria gogotik girotu duen ekimenaren baitan. Ostiral gauean emango zaio amaiera txapelketari.


3. Uxue Trail
Mendi lasterketa honen hirugarren edizioa, igande honetan bertan, ekainaren 18an egingo da. Adi, ostiral gau honetan, 22:00etan itxiko dute ekimen honetarako izen-ematea. Andatza inguratzen duen elkartasun ekimen honen bidez, herrikidea dugun Uxue Martinek duen Phelan-McDermid izeneko gaixotasun arraroa ezagutarazi nahi dute, sentsibilizatu eta eritasun honen ikerkuntza sustatzeko laguntza bildu. Kamisetak eskuratzeko postua izango da eta Phelan McDermid elkarteko kideak ere bertan izango dira.

Elkartasun ekimen honetan parte hartzeko lau bide dituzue:


Ekainak 18, igandea
9:00 Trail luzea (20 km): https://labur.eus/pfQ4V
9:15 Trail motza (11,5 km): https://labur.eus/K7c5B
10:00 Paseoa (5,5 km): https://labur.eus/Yw7vt
Dortsal solidarioa: diru ekarpena egiteko aukera.

Izen-ematea: ekainaren 16ko gaueko 22:00k arte kronoak.com atarian.
Informazio gehiago: 22q13.org.es