Zenbait bide mozketa asteburuan

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 16a, 08:00

N634 errepidean izango dira bide mozketa gehienak, baina baita herri barruan ere.

Kalezar parean
Aurrekoan bezala, asteburu honetan ere errei bat itxiko dute N634 errepidean, Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunearen parean, ostiral gaueko 22:00etan hasi eta astelehen goizaldeko 5:00ak arte. Bertan, kokatuko duten autobus berria egiteko lur mugimenduak egiteko baliatuko dute errei itxiera hau. Ibilgailuen joan-etorria semaforo batek kudeatuko du.

Troia-Txikierdi
Errei batek itxita segiko du baita asteotan, Troia eta Txikierdi lotzen dituen N634 errepide zatian. Errepidearen egitura indartu eta hobetzeko lanetan ari dira bertan. Errei bat itxita dago. Kasu honetan ere, semaforo batek kudeatuko du ibilgailuen joan-etorria.

3. Uxue Trail
Igandean, ekainaren 18an, egingo den 3. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa dela eta, halakoetan ohi den moduan, Oxtapeko sarrera itxiko dute ibilgailuentzat, 8:30-13:30 artean. Santuenea inguruan ere, "korrikalariak pasatu bitarteko mozketa laburrak" izango direla ohartarazi du Usurbilgo Udalak. Horrez gain, ordu tarte berean, Donostia eta Zumaia lotzen dituen autobus zerbitzua ez da Kale Nagusitik igaroko Aginagarantz, N634 errepidetik baizik. San Inazioko biribilgunean geratuko da.

Kalezar
Ekainaren 19tik 23ra, Matiak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune pareko errepidea asfaltatzeko lanak egingo dituela berri eman du Usurbilgo Udalak, Pikaolako bidegurutzetik Kalezarko sarreraraino. "Lanak egin bitartean ezingo da bertatik pasatu, ez autoz ez oinez", ohartarazi dute. Halere, lanak iragarritakoa baino lehen, San Juanak hasi aurretik amaitzea aurreikusten dute. "Kalezarren ospatzen diren San Joanjaien bezpera izanik, hilaren 23a baino lehen amaitzeko eskatu die Udalak".

Lanon aurretik, egunotan "auzunearen kaleko eremuak aparkalekuak ere asfaltatuko dituzte. Kasu horretan, ez da mozketarik izango, eta autoz zein oinez bertatik pasatzeko aukera izango da. 60 aparkaleku inguru sortuko dira auzunean, erabiltzaileei bisitan joaten direnentzat zein herritarrentzat; lurrazpiko aparkaleku bat ere izango du zaintzadun auzuneak, kasu horretan, bertako langile eta bisitarientzako".

Tourra
Usurbilgo jaiak ospatuko ditugun egunei begirako beste ohar bat. Frantziako Tourra aurten Euskal Herritik abiatuko da. Lehen hiru etapak Hego Euskal Herritik, zehazkiago esanda. Haietako bik uztailaren 2koak eta 3koak udalerri hau ez, baina Usurbil inguruak zeharkatuko ditu. Hilaren 2an, Buruntzaldeko udalerri gehienak; Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga, 14:00ak pasatxoan. Etapa hau Donostian amaituko da. Biharamunean, hilaren 3an, Orio, Igeldo eta Gipuzkoako hiriburu inguruak zeharkatuko ditu. Etapa hauen zeharkaldia dela eta, ordu askotako bide mozketak izango dira eta garraio zerbitzuetan ere eragingo du. Adi, beraz.