#M28

Udalbatza berriaren osaera eta kargu hartze ekitaldia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 16a, 09:45

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako emaitzetatik datozen lau urteotarako udalbatza berria osatuko dute larunbatean, ekainaren 17an, eguerdiko 12:00etan Usurbilgo Udaleko pleno areto eraberrituan.

Usurbilgo Udalak larunbaterako helarazitako gai-zerrendak bi puntu ditu: batetik, "korporazio berriaren eraketa", eta bigarrenik, "alkatearen hautaketa eta jabetza hartzea". Gainerako udal gehienen antzera, eguerdiko 12:00etan hasiko den osoko bilkura berezian, udalbatza berria osatu eta alkateak eta zinegotziek dagozkien karguak hartuko dituzte. Azken hauteskundeotara aurkezturiko hautagai-zerrenden hurrenkera aintzakotzat hartuta, udal ordezkariok osatuko dute, orain hasi eta 2027. urtera arteko udalbatza berria. Kide gehienek lehen aldiz hartuko dute kargua:

EHBildu,  9 ordezkari:
1-Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2-Jon Mikel Azpiazu Zubeldia.
3-Ainhoa Arrozpide Landa.
4-Xabat Beloki Segurola.
5-Iratxe Begiristain Otegi.
6-Xabier Aranburu Leiva.
7-Jose Maria Lizaso Azconobieta.
8-Oskar Santamaria Picabea.
9-Maialen Iñarra Arregi.

EAJ-PNV, 3 ordezkari
1-Xabier Otxoa Muñoz.
2-Ivan Iriondo Axpe.
3-
Josune Urkola Larrarte.


PSE-EE, ordezkari bat
1-
Petra Romero Pozo.


Batzar Nagusiak

Gogoan izan, udal hauteskundeez gain, Gipuzkoako Batzar Nagusiak berritzeko hauteskundeak egin ziren baita maiatzaren 28an. Arabakoak ekainaren 19an eta Bizkaikoak hilaren 22an osatuko direla berri eman dute egunotan. Gipuzkoakoak osatzeko hitzordua oraindik ez dute jakinarazi.

Herri Batzarra
Zubietarrek Herri Batzar berriaren osaera bozkatzeko aukera izan zuten baita maiatzaren 28an. Kasu honetan kargu hartze egun zehatza ez dute jakinarazi, baina aurrerago izango da.