Aldaketarik ez da izan eta grebara doaz bigarren aldiz hilabete honetan. Ekaina hasieran egin zuten moduan, ostiral honetatik hasi lau greba egun deitu ditu Michelingo Langileen Batzordeak, oraindik eskuratu ez duten bermedun lan hitzarmen duinaren alde. Asteburuan, lanuzte sektorialak egingo dituzte. Astelehenean, ekainaren 19an, greba deitua dute lantoki osoan.
Gogoan izan, zeintzuk diren langileon eskaerak: batetik, "soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea". Bigarrenik, "galduriko eros ahalmena estaliko dituzten soldata igoerak". Azkenik, "Plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari eta bereziki, gutxieneko diru sarrera soldatari erreparatzea".
Negoziatzeko prest
Langileen Batzordetik adierazi dutenez, "enpresak egindako eskaintzak soilik zentroarteko eremuari eragiten diola. Gaur gaurkoz, Enpresa Batzordeak ez du Michelineko Zuzendaritzaren bilera deialdirik jaso, eta beraz, gaur gaurkoz Michelinek Lasarteko langileei dagokienez egiten duen hitzarmenerako eskaintza maiatzaren 23an egin zuen berbera da".
Gaineratu dutenez, "ez ditugu ezagutzen Michelingo Zuzendaritzak Lasarteko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia deitu ez izanaren arrazoiak. Nolanahi ere, Lasarteko Enpresa Batzordeak maiatzaren 23az geroztik bezala, Negoziazio Mahaian eserita jarraitzen du Enpresako Zuzendaritzak negoziazioak noiz berrabiarazi nahi dituen zain. Zentzu horretan Enpresa Zuzendaritza deitu dugu Komitetik Mahai Negoziatzaileraren bilera batera ostiralean 12:00tan (enpresa ez dela agertuko komunikatu digu eta datorren asteartea 9:00tan deitu gaitu)".
Testuinguru honetan, greba eta mobilizazio hauek deitu dituzte:
Greba eta mobilizazioen egutegia
Ekainak 16, ostirala:
Greba egingo dutenak: 2R tailerra C txandan.
Mobilizazioa: "lantoki atarian greban den txanda hasiera baino ordu bete lehenago".
Ekainak 17, larunbata:
Greba egingo dutenak: MAT/SF, CAP A txandan.
Mobilizazioa: "lantoki atarian greban den txanda hasiera baino ordu bete lehenago".
Ekainak 18, igandea:
Greba egingo dutenak: Gainbegirale eta Galdarak C Txandan.
Ekainak 19, astelehena:
Greba egingo dutenak: greba eguna lantoki osoan.
Mobilizazioak:
05:00-09:30 Elkarrretaratzea lantoki atarian.
09:30 Kotxe karabana lantoki ataritik Donostiarantz.
13:00-14:30 Elkarretaratzea lantoki atarian.
18:00 Manifestazioa lantoki ataritik Lasarten barrena. Amaiera, lantoki atarian.
21:00etan hasita, elkarretaratzea lantokia atarian.
Deitzailea: Michelingo langileen batzordea.