Bistan denez, ukaezina da zikiro janak herri honetan pizten duen zaletasuna, bai otorduak, baita festetako bazkari honen bueltan izaten den giro eder eta herrikoia. Aurtengoa, Santixabel bezperan ospatuko da, uztailaren 1ean; larunbatarekin, 14:00etan Askatasuna plazan. Kuxkuxtu txarangako kideak izango dituzte bidelagun.
Hitzordu horri begirako egun garrantzitsua zen ostiral arratsalde hau, ekainaren 16koa; txartelak saltzen jarri behar zituzten eguna hain zuzen. Aitzaga elkarte atzealdeak zuen itxura duzue ondoko argazkian. Ikusi duzue zer nolako ilara sortu duten, txartelak erosteko asmotan batu direnek. Oso garaiz bertaratu dira Askatasuna plazara lekua erreserbatu nahian. Gogoan izan, gaur agortze ez badira, Bordatxon eta Txiribogan eskuratu ahalko dira zikiro-janerako txartelok.
Haurren Eguneko ekimenetarako izen-emateko azken eguna
Etxeko txikienei begira, ekainaren 30erako ekimen sorta prestatzen ari da urtero legez, herriko guraso talde bat. LH eta DBH-koei zuzenduriko jolasez beteriko goiza antolatzen ari dira; aurreko edizioetan egin izan zuten moduan, LH 1-4koek ginkanan parte hartzeko aukera izango dute. Helduagoek, LH 5ean hasi eta DBH2ra arte ikasten ari direnek "erronkan". Guztia, 9:45ean hasita.
Herrian ikasten dutenek ikastetxetik bideratu ahalko dute izen ematea, baina Usurbilen badira hainbat gaztetxo herritik kanpo ikasten dutenak. Haiei zuzendua dago bereziki, guraso talde honek NOAUA! bidez zabaldu nahi duen ohar hau. Adinaren arabera, ginkanan edo erronkan izena eman nahi dutenek ostiral hau, ekainaren 16a dute azken eguna, helbide honetan inskripzioa bideratzeko: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com
Jubilatuen bazkaria
Adinekoak uztailaren 3an, astelehenarekin bilduko dira aurten, Atxega Jauregian. 14:00etan hasiko den otordurako txartelak salgai izango dituzte ostiralera arte, ekainaren 16ra arte Gizarte Zerbitzuetan eta hiru jubilatu elkarteetan; Gure Pakeak Artzabalen duen egoitzan, Santuenea Elkartean eta Aginagako Arraten. Ostiraleko eguna igarota, inork txartelik nahiko balu badaezpada Gizarte Zerbitzuetara deitu dezala, 943 377 110 telefono zenbakira.
Gazte bazkaria
Haurren Egunarekin batera, gazteena ere ekainaren 30ean ospatuko dute. Besteak beste, bazkaria antolatu dute 14:30etan, Mikel Laboa plazan kokatuko duten txosnagunean. Otordurako txartelak 12 eurotan salgai jarri dituzte Txirristran eta Txiribogan. "Animatu eta etorri!", egin dute gonbita Xauxar Txosna Batzordetik.
Otordu gehiago
Festetan kalean, lagunartean afaldu nahiz bazkaltzeko aukera gehiago izango dira; besteak beste, oilasko biltzaileen bazkaria hilaren 29an izango da, haurrena biharamunean.