Izan ere, argi denez, "festa giroa ez da berdina izaten guztiontzat". Izatez, "emakumeek festak askatasunez eta berdintasunez gozatu behar dituzte, sexu erasoen beldur izan gabe, seguru sentituta eta eurenak ere badiren tokiak edo espazioak ukatu gabe". Bestelakoa da ordea, errealitatea. "Neska gazteek aitortzen dute oraindik ere jaiak eta gauak ez direla eurenak. Irteten diren bakoitzean espazio horiek eskuratzeko borroka neketsua egin behar dutela esaten dute. Aisialdirako gune horiek askotan kontrako eremu bezala bizitzen baitituzte, keinuak, begiradak, "halabeharrezko igurtziak"; eskatu gabeko piropoak eta azken finean, mutilen etengabeko lerde jarioa espazio horien ezaugarri direlako. Festak izaten dira gizartearen isla, ispilu handia izan ohi da, baina festetan dena ez da libre. Udaran, festa eremuan, emakumeen kontra ematen diren jazarpenak ugaritu egiten dira, hitzezko abusuak, ukituak, bortxaketak... Baina tamalez, hainbat jarrera festa giro horretan normaltzat hartzen ditugu oraindik ere. Eta beraz, ez ditugu erasotzat hartzen, are gutxiago jai eta festa giroetako testuinguruetan, erlatibizatu egiten ditugu garrantzia kenduz".
Egoera horren aurrean, argi adierazi dute gaurko agerraldian; "gauak eta kaleak geureak direlako eta festak eta egunerokoa ez ditugulako beldurrez bizi nahi, aske baizik. Aske izan nahi dugu, nahi dugunean nahi dugun bezala ibiltzeko. Ez dugu ausartak izan nahi, ausartak bagara ere, ez beti".
Geroz eta kontzientziatuagoa dago gizartea baina oraindik zer eginik badela azpimarratu dute. Horregatik, gaur irudikatu duten batasuna ezinbestekotzat jo dute "sexu eraso eta indarkeria matxistaren kontrako borrokan".
Protokoloa, gida eta puntu morea
Badatozen jaiei begira, hiru ekimen iragarri dituzte; batetik, sexu erasoen aurkako gida banatu dute. Bigarrenik, gerta daitezkeen eraso matxistei aurre egiteko eskuhartze protokolo bat ere landu dute. Gai honen inguruko lanketa egitekoak dira bai tabernariekin baita txosnen eremuan lan egingo dutenekin ere. Batean zein bestean gertatzen diren erasoen aurrean, bai lanean daudenek baita barraz bestalde jaiez gozatzen ari diren herritarrek nola jokatu zehazten duten kartelak jarriko dituzte baita.
Azkenik, ekimen hauei, Sagardo Egunean eta baita iazko jaietan ere Emagin elkarteak jarritako puntu morea batu behar zaie. Gaurko agerraldian iragarri dutenez, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean kokatuko dute errealitate honi ikusgarritasuna eman, gaiaz sentsibilizatu eta "sexu erasoren bat jasaten bada, toki segurua eta babesa eskaintzeko".
"Soilik bai da bai"
Protokoloari dagokionean, Usurbilgo aisialdi eta jai eremuan gerta daitezkeen eraso matxistetan nola eskuhartu zehazten du. "Esaterako, norbaitek erasotua izan dela esan eta laguntza eskatzen badizu edo erasoren baten berri baduzu nola jokatu zehazten du. Nagusiki, ez ezazu epaitu, ez ezazu bakarrik utzi eta ez itzazu erabakiak hartu galdetu gabe. Eraso matxista txosna eremuan edo taberna batean ematen bada, zer egin zehazten du".
Horrez gain, "gidak indarkeria matxista zer den definitzen du eta ikuspegia zabaldu eta emakumeek eta LGTBIQ+ kolektibokoek jasaten duten indarkeria ere barnebiltzen da". Horrekin batera, "sexu erasoa zer den eta zer onarpen sexuala argiki jasotzen du. Eta mezua argia da, soilik bai da bai. Eraso matxistaren bat jasotzen bada, egin beharrekoaren inguruko azalpenak ematen dira".
Familientzako gida
Gurasoak ere ohartarazten ditu aipatu gida horrek, familiek duten ardura nabarmenduz, "alabei eta semeei eman beharreko mezuen inguruan. Alaben kasuan, hiru mezu azpimarratzen dira nagusiki: batetik, erakustea berak nahi duenean eta nahi duenari ezetz esatea posible dela. Bestetik, beldurra eragiten duten mezurik ez helaraztea, eta hirugarrenik, errua alabari ez botatzeko, erasoren bat sufritu duela kontatzen badio. Erasoaren ardura beti, beti, erasotzailearena delako eta inoiz ez erasoa jasan duen neska edo emakumearena. Eta semeen kasuan ere gidak adierazten du, semeei bideratu beharreko mezuak zeintzuk izan beharko luketen. Izan ere, semeei igortzen dizkiegun mezuak lagun dezakete jaiak denontzako espazio seguru bihurtzen eta horretan familiek duten ardura azpimarratzen da".