Osatu dute datozen lau urteotarako, 2023-27 legealdirako udalbatza berria. Udal ordezkariek ere karguak hartu dituzte gaurkoan. Hurrengo urratsa, datozen lau urteotarako udal barruko dinamika abiarazteko beharrezko erabakiak hartzea izango da. Datorren osoko bilkuran izango da hori; ekainaren 27an, asteartearekin.
Aurreko legealdi hasieratan, hitzordu hau, besteak beste, udal taldeak eratu, alkateordeak izendatu, zinegotzi liberatuen dedikazioa zehaztu edota Tokiko Gobernu Batzarra nortzuk osatuko duten erabakitzen dute. Horrez gain, udal barruko batzorde informatzaileen kopurua zehaztu, izendatu eta osatzeko ere baliatzen dute osoko bilkura hau. Horrekin batera, Udalak beste organo eta erakundeetan izaten duen ordezkaritza ere osoko bilkura horretan erabakitzen dute.
Zozketa eta instalakuntza berrituak
Ekainaren 27ko udalbatzarrak, gainera, beste bi berezitasun ere izango ditu. Azken orduko aldaketarik ez bada, datozen uztailaren 23rako deituak dauden Espainiko Gorteetarako hauteskundeetan lan egitea egokituko zaien herritarrak hautatzeko zozketa egingo dute. Zortzi mahai eratuko dira Usurbilgo udalerrian (bederatzigarrena Zubietan, Donostia aldekoentzat). Usurbili dagokionez beraz, 72 herrikide hautatuko dira; lehendakaria, bi bokalak eta hiru hauentzako bina ordezko, bederatzi guztira.
Erabaki hauek guztiak -hemen dator bigarren berrikuntza- eraberrituriko udalbatza aretoan hartuko dituzte. Albiste honi atxikitako irudia, gaurko osoko bilkuran jaso dugu. Goialdean pantaila bat ikusi dezakezue. Une oro, bertan udalbatzarra bera zuzenean jarraitzeko aukera egon da. Gaurko saioa grabatu eta sareratu egingo dute. Betidanik irekiak, publikoak izan diren ekitaldiok, gainera, etorkizunean zuzenean presentzialki soilik ez telematikoki ere jarraitu ahalko dira. Horretan jardun dute azken asteotan pleno aretoan egin dituzten berrikuntza lanetan; ez soilik, gaur ikusi ahal izan diren altzariak berritzen, hormak margotu eta argitazpena ere egokitzen. Aipatu moduan, instalakuntza teknologikoak ere nabarmen hobetu eta egungo beharretara moldatu dituzte.