Ezustekorik gabe joan da udaletxeko aretoa bete duen ekitaldia. Bi zati argi izan du hitzorduak; lehenengoan, aipatu moduan udalbatza berria osatzeko egin beharreko prozedura bete dute. Halakoetan ohi denez, adin mahaia izendatu dute, zinegotzi helduenarekin eta gazteenarekin; kasu honetan, biak ala biak EHBilduko ordezkariak ziren, Joxe Mari Lizaso Azkonobieta eta Xabat Beloki Segurola hurrenez hurren. Segidan, eskualdeko hauteskunde batzordetik jasotako zinegotzien kredentzialak irakurri ditu, gaurkoan idazkari lanak egitea egokitu zaion Ibon Goikoetxea udal ingurumen teknikariak.
Kargu hartzeen unea heldu da orduan, zin egiteko momentua. Hauteskundeei lotutako araudiak dioenez, "Konstituzioari zin egin behar zaiola esaten du eta ezinbesteko baldintza da kargua hartzeko. Hori egin ezean, ezingo lukete kargua hartu eta alkatearen hautapenean parte hartu ere ez".
Ia denek, PSE-EEko udal ordezkariak izan ezik "legeak hala behartuta" zin egin edo "hitza eman" dute. Baina une horretan izan da esaldi horri hitz gehiago erantsi dionik. "Legeak hala behartuta hitza ematen dut, gobernantza demokratiboan sakontzen lan egingo dudala", adierazi du EHBilduko zinegotzi Ainhoa Arrozpide Landak. Alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, aldiz, "legeak hala aginduta, zin egiten dut Usurbil hobeago baten alde eta euskal errepublikaren alde arituko naizela". EAJ-PNVko zinegotzietako batek, aurreko bi legealdietan bozeramaile lanak egin dituen Josune Urkola Larrartek ezin izan du gaurko udalbatzaren eraketan egon. Honenbestez, hurrengo osoko bilkuran hartuko du zinegotzi kargua.
Gainerakoek zin egin ostean, adin mahaiko lehendakari Joxe Mari Lizasok "Udala eratua dago" adieraziz, osatu eta onartutzat jo dute 2027. urtera arteko Usurbilgo udalbatza berria.
Gehiengo osoz hautatua
Alkatea hautatzeko unea heldu da gero. Idazkariak azaldu duen moduan, "zerrendaburu diren zinegotzi guztiak izan daitezke alkategai". Azken hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten alderdi politikoak kontuan izanda, hiru ziren gaurkoan alkategai gisa bere burua aurkeztu zezaketenak: Agurtzane Solaberrieta Mesak EHBilduren izenean, Xabier Otxoa Muñozek EAJ-tik eta Petra Romerok PSE-EE-tik.
Bozketa hasi aurretik, EAJ-ko eta PSE-ko alkategaiek bere burua hautagai gisa ez aurkeztea erabaki dute. Bozkatu dutena beraz, Agurtzane Solaberrieta Mesaren hautagaitza izan da. Aldeko bederatzi boto jaso ditu, EHBilduko udal ordezkari guztiena. PSE-EE eta EAJ-PNV-ko udal ordezkariak, aldiz, abstenitu egin dira.
Emaitzei erreparatuta, gehiengo osoz hautatu dute datozen lau urteotarako Usurbilgo alkate, EHBilduren zerrendaburu Agurtzane Solaberrieta Mesa. Gainerakoen antzera, zinegotzi gisa egin duen moduan, alkate izendatu berritan bere kargua hartzeko zin egin behar izan du, aurrekoan adierazi duen moduan, "legeak hala aginduta". Oraingoan ordea, "herritik eta herriarentzat arituko naizela" gaineratu du.
Zin eginda, agintea irudikatzen duen zumea jaso du Solaberrietak, adin mahaiko lehendakari eta talde kide zuen Joxe Mari Lizasoren eskutik. Hunkituta jaso du bigarrenez, hurrengo lau urteotarako zumea EHBilduren hautagaiak. Zumea goratuz agurtu ditu aurrean txalotzen zituen guztiak.