"Sinestuta gaude beste mundu bat posible ez ezik, behar beharrezkoa dugula, jendeak bizitza bizigarriak eta zoriontsuak izateko eskubidea duela, eta ez dugula etsiko Euskal Herria aske, euskaldun, feminista eta ezkerrekoa lortu arte". Norabide horretan lan egiten segitzeko asmoa agertu du larunbat eguerdi honetan hautatu berria izan den Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak.
Hunkituta, irribartsu eta esker onez jaso du aginte zumea. Esker ona adierazi die maiatzaren 28an "berriro ere gugan konfiantza jarri duzuen" 1.771 herrikideei, hautetsontzietara joan eta "guk eskainiko dugun proiektua" aukeratu duen %61 horri. "Bada azken urteetan egindako kudeaketaren eta lanaren aitortza", azpimarratu du. Duela lau urteko emaitzak "nabarmen hobetuta" herrikideei adierazi die, "legealdi berriari ilusioz, gogoz, indarrez ekiteko prest ginela esan genuen hauteskundeetan eta lanez itzuliko dugu jaso dugun babes guztia. Herritarrek dagoeneko badakite zertarako gai garen, eta batez ere, badakite emateko zenbat dugun, asko egin dugulako elkarrekin. Baina are gehiago dugu oraindik emateko. Ez dakigu bestela egiten, umiltasunez eta inolako harrokeriarik gabe jardungo dugu".
Alkateak ez ditu eskertu soilik EHBildu babestu duten herrikideak, baita oposizioko taldeak bozkatu nahiz hauteskundeotan parte hartu zutenei ere. Kritiko agertu da halere, 5,5 puntu gehitu zelako abstentzioa. "1926 herritarrek erabaki zuten bozkarik ez ematea. Horrek autokritika eskatzen digu, izan ere, bada nire irudiko porrot kolektibo baten ondorioa eta instituziogintzan zer pentsatua eman beharko liguke".
Udalbatzaren gaztetasuna
Etxeko eta lagunen babes eta konplizitatea goraipatu eta zinegotzi guztiak eskertu ditu hartu duten konpromisoagatik. Udalbatza osatzen duten hamahiru ordezkaritik bederatzi kide berriak dira gaurtik. "Udalbatza honek ezer islatzen badu gaztetasuna da", alkatearen esanetan. Gazteetaz kritikatzeko hitz egiten denean egun, "gutxi haiekin", Usurbilgo gazteriaren konpromisoari gorazarre egin nahi izan dio. "Herrigintzarako ilusioa eta aktibismoa eta konpromiso hori udalbatza honetan dago islatua, eta poz handia ematen du herrian hainbeste gazte etorkizuneko erronkei aurre egiteko proposamenak lantzen ikusteak". Ildo horretan adierazi duenez, "gaztetasuna izan bedi politikagintzara eta instituziogintzara aire freskoa eta begirada berriak ekartzeko bide".
Herritarrek ere hala sentitu dutelakoan adierazi dienez, "ondo merezita duzue aurtengo Santixabeletako txupinazoa botatzeko ohorea izatea. Aupa zuek!".
"Lidergo konpartituak behar ditugu"
Azken egunotan politikagintzan ikusten ari garen giroari buruz zioenez, "lubakien garaia atzean utzi eta zubiak eraikitzeko unea da. Gu hor gaude eta hor aurkituko gaituzue, beti herriaren interesak gidatuta". Aginte makilaren ordez, Usurbilen izaten den zumeak irudikatzen duena baliatuta, nolako aginte eredua sustatu nahi duten azaldu du Solaberrietak. "Ikusten duzuenez, Usurbilen ez dugu aginte makilarik, gure aginte ikurra zumezko uztaia da. Aginte zumea xumea da, malgua baina ez hauskorra, borobila eta ez goitik beherakoa eta nire ustez, zumezko uztaia honek erakusten du aginteak nolakoa izan behar duen: apala eta malgua, moldagarria, inguruaren beharretara eta garai berrietara moldatzen dakiena, baina aldi berean sendoa eta trinkoa. Eta zume hau ere zuena ere bada, udalbatza osatzen dugun guztiona, herritarrek eman diguten ardura, ardura konpartitua delako eta aginte eta lidergo konpartituak behar ditugulako, egungo gizarteak dituen erronka konplexuei erantzungo badiegu".
"Erronka handiei tokikotik erantzuten"
Etorkizunari begira jarri eta "hamarkada erabakigarrian gaudela" zioen aurrez gehiagotan esan izan duen moduan. "Prospekzioaren arabera, honako joera hauek larriagotu egingo dira datozen urteotan: krisi ekosoziala eta krisi energetikoa, migrazioen areagotzea, populazioaren zahartzea, gizarte dualizazioa, globalizazio digitala edo landa eremuaren despopulazioa. Horregatik, garrantzitsua da hurrengo urteetarako espero den fenomeno globalen larriagotzearen aurrean, epe ertainean erresilientzia irabazteko bideak gaurdanik bilatzea", datorrenari aurre hartu eta prestatzeko.
"Horretan ari gara hain juxtu, azken urteotan Usurbilen. Erronka handiei tokikotik erantzuten, horri aurre egiteko proiektu eraldatzaile eta aitzindariak diseinatzen eta martxan jartzen. Esate baterako, trantsizio energetikoaren alorrean, pertsonaren nahiak erdigunean dituen zaintza eredu eta ekosistema berri bat eraikitzen, zahartzaroari komunitatetik erantzuteko proiektuak sortzen, Txirikorda esate baterako, zaintzen dutenen zaintza eta profesionalizazioa bermatzen, euskara eta kultura tokiko ekonomiaren motor bihurtu dadin turismo eskaintza berritzaileak martxan jartzen edota kultura komunitatea hauspotzen, aniztasunari euskaratik eta berdintasunetik erantzuten eta arrakala sozialak eragozteko neurriak hartzen eta pertsonen eta ingurumenaren neurrira egindako herri eta hirigintza ereduak ontzen eta abar luze bat".
Udalaren barne funtzionamendu berrirantz
Horri guztiari gaineratu dionez, datozen erronka konplexuei ezin zaie erantzun orain arteko moduetan, eta modu horietan, "oso gure adn-ean dagoen" nolakotasunari arreta berezia jartzen diotela nabarmendu du EHBilduko alkateak. Herritarrekin batera lanean segitzea ezinbestekotzat jo du. "Herritarrek politika publikoak pentsatu eta erabakitzeko espazio ugari dituzte eta ikusi dugu gainera, gobernantza modu horrek efektu biderkatzailea duela, batetik, politika publikoak eraginkorragoak direlako, eta bestetik, guztion ekarpenari esker, herri hobeagoa garelako, herri kohesionatuagoa garelako. Horregatik, hurrengo legealdian horretan guztian sakontzera goaz".
Horretarako, "beharrezko deritzogu Udalaren barne funtzionamendu berri batekin batera, gizarte erronken baitako udal antolaketa eta horiei elkarlan publiko komunitariotik erantzutea ahalbidetuko duen lankidetzazko gobernantza gorpuztea. Horrek etengabe aliantzak eraikiz lan egitea eskatuko digu, elkarri aurpegira begiratuz, hitz eginez. Batzuetan kontraesanetan eta beste batzuetan gatazkan, baina beti komunitatetik eta inor bazterrean edo atzean utzi gabe eta ahal dela barre eginez eta maitasunez".