3. Uxue Trail

Ia 600 lasterkari eta ibiltari, parte hartze marka hautsi duten edizioan

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 18a, 13:57

595 parte hartzaile erakarri ditu gaur egin duten 3. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioak.

Elkartasun marea berdeak hartu du herria igande goiz honetan. Babes zabala, inoizko handiena izan du ekainaren 18 honetan antolatu duten 3. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioak. 595 partaide erakarri ditu guztira hitzordu solidarioak. Zenbaki hau egin diren hiru probatan xehatzen badugu, segidan dituzue antolakuntzak jakinarazitako parte hartze datu zehatzak:
-Uxue Trail luzea (20 km): 114.
-Uxue Trail motza (11,5 km): 266.
-Uxue Paseoa (5,5 km): 215.

Goizeko 9:00-10:00 artean irten dira lasterka nahiz oinez, belaunaldi ezberdinetako herrikideak, baita Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako bisitariak ere. Nabaria zen 8:00etatik aurrera, beroketa ariketak egiten ari zirenen mugimendua Kaxkoan. Frontoia izan da halere, elkartasun ekimen honen abiapuntu eta helmuga. Banaka nahiz taldean, koadrilan edota familia giroan parte hartu dute denek hitzordu berezi honetan.

Paseoan irten direnek Urdaiagako buelta egin dute, erriberatik barrena itzuli dira abiapuntu izan duten Dema plazaraino. Lasterkariek aldiz, Andatzari itzulia eman diote.