Abisu horian segiko dugu gaur ekaitzagatik

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 19a, 08:07

Azken orduotan Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait lekutan uholde txikiak eragin dituen ekaitza edonon lehertu daiteke datozen orduotan.

Larunbat arratsaldean gertatu bezala, ekaitza lehertu daiteke berriz datozen orduotan. Asteburuko giro ezegonkorrarekin jarraituko dugu, beraz, astelehen honetan, ekainaren 19an. "Prezipitazio handiagatik" abisu horiak indarrean segiko du Euskalmet meteorologia agentzitik ohartarazi dutenez. Azken orduotako alerta goizeko 9:00etan eten dute, baina 15:00etan eta gauerdira arte berriz ere kolore bereko abisupean izango gara. Denbora tarte horretan, "ordubetean 15-20 l/m² baino gehiago pila daiteke EAEko zenbait lekutan. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake eta zenbait lekutan handiak edo oso handiak izan daitezke; zaparradekin batera txingorra egin dezake eta haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke", Euskalmet-ek berri eman duenez.

Honenbestez, astelehen honetan, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu goizaldean eta egunaren bigarren partean, bero-hodeiak nagusituz. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake, probabilitate handiagoarekin goizaldean eta egunaren bigarren partean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; barnealdean hego-osagaia nagusituko da, tarte biziekin. Eguerditik aurrera haizea ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez".

Asteartean, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txiki-ertainak bota ditzake, eta zenbait tokitan trumoitsuak izan daitezke. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Etzi, "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak eta zenbait tokitan trumoitsuak bota ditzake. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; goizean ipar-ekialdekoa nagusituko da eta gauean ipar-mendebaldekoa. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus