Michelin greban

Ekoizpena guztiz geratu dute greba eguna duten Michelinen

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 19a, 19:43

Argazkia: Michelingo LAB.

Bermedun lan hitzarmen duina eskatzeko greba eguna dute gaur Michelinen. Goizean goizetik erabat geratu dute lantegia. Mobilizazio eguna dute gaurkoa duela bi aste egin zuten moduan.

 

Aldaketarik ez da izan eta grebara doaz bigarren aldiz hilabete honetan. Ekaina hasieran egindako greba egunen ondotik, egoera ez da aldatu eta berriz ere ostiralaz geroztik greban dira Michelinen. Lanuzte sektorialak egin dituzte asteburuan. Hilabete hasieran bezala, gaur greba eguna dute lantegi osoan. Erabat geratu dute eguneroko jarduna, langileen batzordetik berri eman dutenez. "Gogor hasi gara greba eguna!! 100%eko jarraipena izan du grebak goizeko txandan. Ekoizpena guztiz geratua!", adierazi du Michelingo LAB sindikatuak. Arratsaldean ere beste hainbeste gertatu dela ohartarazi dute. 

Oraindik eskuratu ez duten bermedun lan hitzarmen duina eskatzen ari dira langileok. Asteburuan, lanuzte sektorialak egin dituzte. Astelehen honetan, ekainaren 19an, greba deitua dute lantoki osoan. Mobilizazioak iragarri dituzte egun osorako; tartean, 18:00etan manifestazioa lantegi ataritik abiatuta.

Gogoan izan, zeintzuk diren langileon eskaerak: batetik, "soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea". Bigarrenik, "galduriko eros ahalmena estaliko dituzten soldata igoerak". Azkenik, "Plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari eta bereziki, gutxieneko diru sarrera soldatari erreparatzea".  

Negoziatzeko prest
Langileen Batzordetik adierazi dutenez, "enpresak egindako eskaintzak soilik zentroarteko eremuari eragiten diola. Gaur gaurkoz, Enpresa Batzordeak ez du Michelineko Zuzendaritzaren bilera deialdirik jaso, eta beraz, gaur gaurkoz Michelinek Lasarteko langileei dagokienez egiten duen hitzarmenerako eskaintza maiatzaren 23an egin zuen berbera da".

Gaineratu dutenez, "ez ditugu ezagutzen Michelingo Zuzendaritzak Lasarteko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia deitu ez izanaren arrazoiak. Nolanahi ere, Lasarteko Enpresa Batzordeak maiatzaren 23az geroztik bezala, Negoziazio Mahaian eserita jarraitzen du Enpresako Zuzendaritzak negoziazioak noiz berrabiarazi nahi dituen zain. Zentzu horretan Enpresa Zuzendaritza deitu dugu Komitetik Mahai Negoziatzaileraren bilera batera ostiralean 12:00tan (enpresa ez dela agertuko komunikatu digu eta datorren asteartea 9:00tan deitu gaitu)".

Testuinguru honetan, mobilizazio hauek deitu dituzte:


Greba eta mobilizazioen egutegia
Ekainak 16-18:
Lanuzte sektorialak.

Ekainak 19, astelehena:
Greba egingo dutenak: greba eguna lantoki osoan.
Mobilizazioak:
05:00-09:30 Elkarrretaratzea lantoki atarian.
09:30 Kotxe karabana lantoki ataritik Donostiarantz.
13:00-14:30 Elkarretaratzea lantoki atarian.
18:00 Manifestazioa lantoki ataritik Lasarten barrena. Amaiera, lantoki atarian.
21:00etan hasita, elkarretaratzea lantokia atarian.

Deitzailea: Michelingo langileen batzordea.