Michelin greban

"Berriro ere negoziaziorako eta akordiorako prest gaudela berretsi nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 19a, 19:49

Michelingo langileek bermedun hitzarmena nahi dutela argi utzi dute beste behin, gaurko bigarren greba egun honetako manifestazio amaieran. Negoziaziorako prest egoten segitzen dutela adierazi diote enpresako zuzendaritzari.

Gaurkoa bigarren greba eguna zuten Michelingo langileek. Kalera irten dira goizean goizetik, oraingoz ez duten bermedun hitzarmenaren eske. Lantegi atarian egin dituzten elkarretaratzeen edota Donostian barrena autoz egin duten protesta ekintzaren ondotik, manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean Lasarte-Oriako kaleetan barrena.

Michelin parean hasi eta amaitu den manifestazio bukaeran, langileen batzordeak eskerrak helarazi nahi izan dizkie parte hartzaile guztiei. "Bigarren greba eguna amaitzen ari garen honetan, enpresa batzordeak, lehenik eta behin, langileengana zuzendu nahi dugu, gaurko mobilizazio eta greba egunean parte hartzeagatik zoriontzeko". 

Enpresako zuzendaritzaren jarrera salaketa
Duela bi aste egin zuten moduan, bermedun hitzarmena izatea eskatzen segitzen dute, horixe da haien helburu nagusi eta bakarra. Horregatik, gogorarazi dutenez, "berriro ere negoziaziorako eta akordiorako prest gaudela berretsi nahi dugu".

Orain arte, ordea, lantegiko zuzendaritzaren aldetik ez dute antzeko jarrerarik izan. Horregatik, haiengana zuzendu nahi izan dute, "Lasarteko plantillarekiko erakutsitako jarrera aurpegiratzeko. Greba honen aurretik Lasarteko batzordearekin esertzeari uko egin diote, estatuko gainerako lantegietan negoziatzen edo eskaintza berri bat egiten jarraitzen duten bitartean, Lasarteko langileekiko errespetu falta ulertezina erakutsiz".

Hori hala izanda ere, argi diote Michelingo langileek. "Guk argi daukagu zein den helburua eta ez gara horretatik desbideratuko. Bermedun hitzarmen bat nahi dugu".

Txalo artean amaitu dute eskaera honen aldarria, gaurko greba egun honetako manifestazio amaieran lantegi atarian bildu direnek. Astearte goiz honetan bertan biltzekoak dira enpresako zuzendaritzarekin.