Abisu horian berriz, prezipitazio handiagatik

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 20a, 08:03

Goizean zehar Gipuzkoako zenbait lekutan izan den kazkabar eta euri jasak tarteko, Euskalmet-ek berriz ere abisu horia ezarri du "prezipitazio handiagatik" gauerdira arte. 

Aurreko egunon ildo beretik esnatu zaigu astearte hau ere; tarte batzuetan euri zaparrada artean eta besteetan eguzki printzek argitzen zutela. Gipuzkoako beste toki batzuetan, ordea, kazkabar eta euri-jasa handia izan dute. Ondorioz, Euskalmet meteorologia agentziak berriz jarri du indarrean abisu horia, prezipitazio handiagatik. Goizeko 8:00etatik  gauerdira arte izango da indarrean. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke EAEko zenbait lekutan. Zaparrada trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke; zaparradekin batera txingorra egin dezake eta haize-boladak gogorrak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet-ek. 

Astearte honetan, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da eta ekaitzak joko du, batez ere egunaren bigarren partean. Ipar-haizea ibiliko da. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira". Bihar, "goibel egongo da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu, batez ere egunaren bigarren partean. Ipar-haizea ibiliko da, azken orduetan mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Ostegun goizean ere berdin segiko du. "Egunaren hasieran goibel egongo da eta euria egingo du. Orduak pasa ahala atertuz joango da eta hodeiak gutxitu egingo dira. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.