"Munduko nikel erauzle handienetakoa den Solway Investments Group multinazionalak" egin dion erasoa salatu du Argiaren lan taldeak gaur agerraldi bidez. Haiekin batera zen baita Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkaritza. Hedabide honek apirila amaieran Guatemalako Paolina Albani kazetariari eginiko elkarrizketaren harira gertatu da guztia.
"Prensa Comunitaria hedabidean kolaboratzen du Albanik, eta Mugarik Gabe GKEak gonbidatuta etorri zen Euskal Herrira. ARGIArekin hitz egin zuen, besteak beste, esku artean duten ikerketa bati buruz: Mining Secrets. Nazioarteko 65 kazetari daude tartean; esaterako, Suitzako RTS irrati-telebista publikoko kazetariak, baita The Guardian, Le Monde eta El País egunkarietakoak ere".
"Informatzeagatik kriminalizatuta daude"
Aipatu ikerketa horren baitan, "zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jasota, kazetariek ondorioztatu zuten Suitzan egoitza duen Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura-txostenak ezkutatu dituela, tartean, herrialdeko lakurik handiena den Izabalekoa. Horrez gain, ondorioztatu dute zonaldean bizi diren komunitateen biziraupen-laboreei su emateko planak zituela Solwayk, tokiko liderrak erosteko diru-funtsak zituela, Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola... Hau da, Solway taldeak haren baliabide finantzario eta politikoak erabili dituela Guatemalan haren interesen aldeko erabakiak har ditzaten".
Gai hau Albanik Argiari eskainitako elkarrizketan mintzagaia izan zuten "eta azpimarra jarri zuen Solwayk hedabideekin duen jokabidean: Guatemalako hedabide nagusiak erosiak dituela zioen, eta diskurtso ofizialetik ateratzen diren kazetariak jazartzen dituela. Horretarako ausardia izan dutenek kartzela zigorrak eta heriotza mehatxuak salatu dituzte. Informatzeagatik kriminalizatuta daude".
"Ez dugu elkarrizketa ezabatuko"
Elkarrizketa horren ostean, "Solway multinazionalak Espainiako Estatuan duen abokatu bulegotik ARGIAk mehatxutzat hartu duena eskatu egin digute: Paolina Albani kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko. Horiek egin ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin digute".
Gaur agerraldi bidez iragarri dutenez, ordea, "publikoki ondorengoa erantzun nahi diogu urtean milioiak irabazten dituen multinazional horri: ez dugu elkarrizketa ezabatuko. Ez diguzue esango nor elkarrizketatu ahal dugun eta nor ez. Ez dizuegu dirurik ordainduko, eta gainera, gaiaz informatzen jarraituko dugu. Kontrakoa lortu duzue".
Kazetaritzaren defentsa
Ohartarazi dutenez, "ARGIA zigortzen badute, mundu zabalean ingurumenaren defentsan ari direnek eta hedabide guztiek galduko dute. Horregatik, ARGIAren komunitateko kideei, gure irakurleei, kazetaritzaren sektoreari eta injustizia ororen aurka ari den orori babesa eskatu nahi diegu, kazetaritzaren independentzia defendatzeko. Salaketa honi oihartzuna emateko eskatzen dugu, eta balio dezala banaka eta isilpean egiten dituzten mehatxuei elkarrekin eta ozen erantzuteko, horrela bakarrik lortuko dugulako gelditzea".
Horrekin batera, elkartasuna adierazi nahi izan diete "Guatemalako Prensa Comunitaria hedabideari eta Paolina Albani kazetariari. Baita lankideon babes eta besarkadarik gozoena bidali ere Guatemalan lurraren defentsan ari diren herrientzat eta jazarri dituzten kazetari guztientzat. Solway gugana heldu eta mehatxu egiteko gai izateak sinesgarritasuna ematen die hango kazetarien salaketei".