Ate joka ditugu Usurbilgo jaiak, eta honenbestez, baita festen osteko Udajolas ere. NOAUA! Kultur Elkarteak Usurbilgo Udalarekin antolaturiko udalekuei buruz argibideak jasotzeko guraso bilera egin dute aste honetan Sutegin. Hamarnaka guraso batu zituen auditorioko hitzorduan nabarmendu zutenez, inoizko parte hartzaile gehien izango ditu aurtengo edizioak; 200 partaideko muga gainditu da, 4-12 urte arteko 209 gaztetxok izena eman du aurtengoan.
Zenbakion bueltan, bada berrikuntzarik aurtengoan eta baita datozen lau urteotan ere. Usurbilgo Udalak epealdi horretarako NOAUA! Kultur Elkarteari esleitu dio Udajolas zerbitzua eskaintzeko ardura. Orain arte, berrehun gazte hartzeko muga jarria zegoen. Urte honetatik hasita, gehienezko kopuru hau desagertuko da, bai behintzat esleipen honen indarraldia amaitu artean.
Izen-emate datuak zikloka xehatzen baditugu, Haur Hezkuntzatik 74 izan dira izena eman dutenak, 135 Lehen Hezkuntzatik. Haur Hezkuntzan hamaika talde osatu dira eta 12 laguneko lan taldea. 14 talde Lehen Hezkuntzan, hamasei laguneko taldea arituko da haiekin lanean. Ezin da ziurtatu, baina antolatzaileen esanetan, litekeena da Udajolasen inoiz ikusi gabeko kopuru hau murrizten joatea hurrengo urteotan.
Bistan denez, gainera, hezitzaileen kopurua, haurrenaren pare, nabarmen handitu da; 30eko taldea osatu da aurtengoan, ia denak usurbildarrak. "Lanean dira, talde bilerak martxan dituzte, programaketak fintzen ari dira", antolatzaileen esanetan. Egunotan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eskainitako formazioa jasotzen ari dira, besteak beste, etorri berriekin bertako hizkuntzan nola sartu, hori dena kudeatzeko. Hain zuzen, Udajolas udako aisialdi eremuan, lagunartean euskaraz bizitzeko sortua da. Etorri berrientzat lagunartean geure hizkuntzan trebatzen eta bertako bizimoduan murgiltzen hasteko Udajolasen baliagarritasuna nabarmendu dute antolatzaileek. Horrez gain, aisialdiko jarduerok haurren bizi-kalitate eta garapenean duten garrantziaz ere ohartarazi zuten Sutegin. Ildo horretan, Zirimara martxan jarri zenetik, "norabide eta balore berdinetan" lerrokatzen ahalegintzen ari dira urteotan Udajolas ere.
Txangoak ostegunetan
Izen-emate garaian gogorarazi genuen moduan, Udajolas Usurbilgo festak amaitu eta biharamunean abiaraziko dute, uztailaren 4an, asteartez. Egun horretan hasi eta hilaren 28ra arte eskainiko da zerbitzu hau, astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz, 9:30-13:30 artean, ostegunetan izan ezik. Asteko laugarren egunean, egun osoko irteerak egingo dituzte, eta arratsaldeko 16:30ak aldera amaituko da Udajolas.
Haurrak garaiz heltzea eskatu zuten goizean eta Udajolas amaitzerakoan pertsona bera joatea haurren bila eta aldaketarik balego jakinaraztea. Udajolasera joan ezin dutenetan ere ohartarazi antolakuntzari. Beste edozein zalantza edo kezka izanez gero ere gauza bera egiteko deia egin zuten Sutegiko bileran. Covid19ak eragindako osasun krisialdi garaian izandako murrizketen harira, talde bakoitzarentzat harrera gune ezberdin bat finkatzen hasi ziren. Aurten ere ohitura horri segida emango diote.
Azkenik, hilabete amaieran galdetegi bat helaraziko zaie gurasoei. "Eskertuko da betetzea", galdegin zuten antolazaileek Sutegiko bileran.