Maiatza amaierarako zuten aurreikusia, azkenean ordea ia hilabetez luzatu da. N634 errepidea zabalik da erabat berriz, astearte arratsalde honetatik. Kendu dute azken aldi luzean ibilgailuen joan etorria kudeatu duen semaforoa.
Gogoan izan, errei bat itxita izan dute azken hilabeteotan, urte hasieratik Troia eta Txikierdi artean. Soilik apirila eta maiatza artean ireki zuten, gizonezko eta emakumezko txirrindularien Itzuliak igarotzeko. Errepidearen egitura indartu eta hobetzeko lanetan aritu dira denbora tarte horretan. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea", zioen orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak. 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berritu nahi zuten hilabeteotan eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarri.
Itxuraz behintzat, lanok amaitu dituztela dirudi. Errepidea guztiz zabalik da berriz.
Kalezar
Ekainaren 19tik 23ra, Matiak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune pareko errepidea asfaltatzeko lanak egingo dituela berri eman du Usurbilgo Udalak, Pikaolako bidegurutzetik Kalezarko sarreraraino. "Lanak egin bitartean ezingo da bertatik pasatu, ez autoz ez oinez", ohartarazi dute. Halere, lanak iragarritakoa baino lehen, San Juanak hasi aurretik amaitzea aurreikusten dute. "Kalezarren ospatzen diren San Joanjaien bezpera izanik, hilaren 23a baino lehen amaitzeko eskatu die Udalak".
Lanon aurretik, auzunearen kaleko eremuak aparkalekuak ere asfaltatu dituzte. "60 aparkaleku inguru sortuko dira auzunean, erabiltzaileei bisitan joaten direnentzat zein herritarrentzat; lurrazpiko aparkaleku bat ere izango du zaintzadun auzuneak, kasu horretan, bertako langile eta bisitarientzako", Usurbilgo Udaletik azaldu dutenez.
Tourra
Usurbilgo jaiak ospatuko ditugun egunei begirako beste ohar bat. Frantziako Tourra aurten Euskal Herritik abiatuko da. Lehen hiru etapak Hego Euskal Herritik, zehazkiago esanda. Haietako bik uztailaren 2koak eta 3koak udalerri hau ez, baina Usurbil inguruak zeharkatuko ditu. Hilaren 2an, Buruntzaldeko udalerri gehienak; Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga, 14:00ak pasatxoan. Etapa hau Donostian amaituko da. Biharamunean, hilaren 3an, Orio, Igeldo eta Gipuzkoako hiriburu inguruak zeharkatuko ditu. Etapa hauen zeharkaldia dela eta, ordu askotako bide mozketak izango dira eta garraio zerbitzuetan ere eragingo du. Adi, beraz.