#M28

Ostiralean eratuko dituzte Batzar Nagusiak

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 21a, 09:11

"Batzarkideen herenak batzarkide-izaera egiaztatu" ostean, ekainaren 23an egingo dute erakunde honen eratze-bilkura.

Udalak eratuta, gainerako erakundeen txanda egunotan. Astelehenean eratu zituzten Arabako Batzar Nagusiak, Bizkaikoen txanda izango da ostegunean, ekainaren 22an eta biharamunean, hilaren 23an Gipuzkoakoak. Etzi, ostiral goizeko 10:00etan hasiko da Gipuzkoako Batzar Nagusien eratze-bilkura Miramonen duten egoitzan. Hala jakinarazi du, asteazken honetako, ekainaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.

Hitzordua finkatu ahal izan dute, ezinbestekoa den urrats hau eman ostean: "batzarkideen herenak batzarkide-izaera egiaztatu" eta gero hain zuzen. Pauso horren ostetik, hamabost eguneko tartean deitu behar izaten da eratze-bilkura.

51 batzarkide
Batzar Nagusietatik hitzorduaren nondik norakoak azaldu dituzte; "Adineko Mahaia osatuz hasiko da Bilkura. Batzarkide zaharrenak zuzenduko du hasieran batzarra, eta bi batzarkide gazteenekin jardungo du, bata lehendakariordea eta bestea idazkaria. Adineko idazkariak batzarkideei dei egingo die, egiaztagutunak aurkeztutako hurrenkeraren arabera, eta batzarkide bakoitza dagokion eserlekuan jarriko da. Adineko lehendakariak Bilkura hasi dela iragarriko du eta idazkariak akreditatutako 51 batzarkideen behin betiko zerrenda irakurriko du".

Segidan, "Adineko Lehendakariak ordu laurdenez etengo du saioa, taldeek hautagaiak aurkezteko. Ondoren, Osoko Bilkurak Batzar Nagusietako Mahaiko kideak aukeratuko ditu, isilpeko bozketak eginez. Mahaiak bost kide izango ditu: Batzar Nagusietako lehendakaria, Mahaiko lehendakari izango dena, lehen lehendakariordea, bigarren lehendakariordea, lehen idazkaria eta bigarren idazkaria".

Bozketen txandan, Batzar Nagusietako lehendakaria hautatu beharko dute. 51 batzarkide egonik, gehiengo osoa, 26 ordezkariren babesa jasotzen duen hautagaiak eskuratuko du postu hau. "Gehiengo osoa inork lortzen ez badu, bigarren bozketan boto gehien lortzen dituena izango da lehendakari. Berdinketa gertatuz gero, boto gehien eskuratzen duena izango da lehendakari. Berriro berdinketa izaten bada, berdindutakoen artean, maiatzaren 28ko foru hauteskundeetan boto gehien lortu zituen alderdi edo koalizioko hautagaia izango da lehendakari. Bi lehendakariordeak aldi berean aukeratuko dira. Boto gehien lortzen dituzten bi hautagaiak izango dira, hurrenez hurren, lehen eta bigarren lehendakariorde. Idazkariak modu berean aukeratuko dira. Berdinketa egonez gero, lehendakaria aukeratzeko era berari jarraituko zaio".

Lehendakaria, bi lehendakari ordeak eta idazkariak hautatu ostean, Adinekoen Mahaiko kideen lekua, dagokien postuak hartuko dituzte. Lehendakariak "adieraziko du behin betiko eratu direla XII. Legealdiko Batzar Nagusiak eta jarduneko diputatu nagusiari berri emango dio, saioa amaituz. Ondoren, beste Osoko Bilkura bat deituko du lehendakari hautatu berriak, puntu bakarra izango duena: Bateraezintasun Batzordea izendatzea. Ordubete geroago egingo da Bilkura hori".

EHBilduk batzarkide gehien
Gogoan izan, maiatzaren 28ko foru hauteskundeetako emaitzetatik osatuko dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiak. 22 batzarkide eskuratu zituen EHBilduk, 17 EAJ-PNV-k, 7 PSE-EEk, 3 PP-k eta 2 Elkarrekin Podemosek.

Usurbilen, emaitza hauek eskuratu zituzten Batzar Nagusietako hauteskundeetara aurkeztu ziren eragile politikoek: