#A30

Greba feminista orokorra azaroaren 30ean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 21a, 10:13

Eguna jarri diote, Martxoaren 8an iragarri zuten greba feminista orokorrari; zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aipatu greba azaroaren 30erako iragarri dute azken orduotan. Deialdi hau egitearen nondik norakoak azaldu dituzte deitzaileek.

Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat eragileek eta norbanakok zaintza sistema iraultzeko iaztik abian duten Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesuaren harira dator greba feminista antolatzeko erabakia. "Gaur arte, bidean kide gehiago batu dira. Bide horretan hainbat inflexio puntu izan ditugu, 2022an Gasteizen egindako zaintza sistemaren ezaugarritzearen inguruko jardunaldiak, adibidez. Jardunaldi haietan erabaki garrantzitsuak hartu genituen, tartean duela lau hilabete, martxoaren 8an, alegia, iragarri genuena".

Aurtengo Martxoaren 8an hain zuzen, Euskal Herriko Mugimendu Feministak lerrootan mintzagai dugun greba feminista orokorrerako deia egin zuen, "
zaintza sistema aldatzea, dena aldatzea delako. Bada, badugu data: 2023ko AZAROAREN 30ean GREBA FEMINISTA OROKORRA egingo dugu!", iragarri dute.

Zaintza-sistema publiko eta komunitario baten alde
Grebaren helburuak zeintzuk diren azaldu dituzte sare sozialen bidez. "
Zaintza-sistema publiko eta komunitario baten alde aterako gara kalera, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Eta hau guztion ardura da. Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura eta erantzukizuna exijitzeko… Eta beste hamaika aldarri jarriko ditugu erdigunean. Finean, bizitza duinen aldeko borroka da hau, bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berdinaz zaintzeko eskubidea lortzeko".

Iragarri dutenez, "denon bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboa borrokatzera goaz eta horretarako zaintza-sistema publiko eta komunitario bat behar eta nahi dugu. Horretarako, auzo eta herrietako deialdietara batzeko deia luzatzen diogu euskal herritar orori. Pausoz pauso, egungo zaintza-sistema iraultzera gatoz".

Azaroaren 30era arteko bidea jorratuko dute aurrerantzean. "Azaroaren 30ari begira jarri gara, ordurako prozesua asanbladetan eta kaleetan egingo dugu, batzen gaituzten aldarriak ipar, aldaketak eragitera goaz. Guztiok grebara, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Gora borroka feminista!".

Herri batzordea
Maiatzaren 13an egin zuten Potxoenean, azaroaren 30eko greba hau prestatzen hasteko lehen bilkura Potxoenean. Egun horri buruz informatu eta asanblada osatzeko deitu zuen Kafe Tertuliak hitzordu hura. Martxoaren 8ra begira egin zuten moduan, oraingoan ere "adin ezberdinetako emakumeok* biltzea eta denon artean Greba Feminista Orokorrerako antolatzea izango dugu helburu". Lehen urratsa izan zen duela hilabetekoa. Azarora arte, asanblada eta bilera gehiago antolatzekotan dira.