Alerta laranja ere iragarri dute ekaitzagatik udako lehen orduotarako

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 21a, 08:45

Ekaitza lehertu daiteke udan murgilduko garen datozen orduotan. Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia iragarri du, AEMET estatu mailako meteorologia zerbitzuak alerta laranja ezarri du. 

Asteazken arratsaldeko 16:58an ofizialki uda garaian murgilduko da, adituek "uda astronomikoa" deituriko horretan. 93 egun eta 17 ordu iraungo ditu, irailaren 23ra arte hain zuzen. Urtaro berri honen lehen orduetarako giro ezegonkorra izango dugula diote iragarpenek. Azken egunotan, zenbait udalerri gogor kolpatu dituen ekaitza nonahi lehertu daiteke.

Ondorioz, abisu horia edota alerta laranja ere aktibatuko dute hurrengo orduotan. AEMET estatu mailako meteorologia agentziak alerta laranja ezarri du inguruotan gauerdira arte. Ohartarazi duenez, kazkabarra egiteko probabilitatea handia da. Abisu horia ezarri du ostegunerako.

"Txingorra egin dezake"
Euskalmet meteorologia agentziak, aldiz, abisu horia jarriko du indarrean asteazken arratsaldeko 15:00etan hasi eta ostegun goizeko 9:00ak arte. Gaur "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke EAEko zenbait lekutan, batez ere ekialdean. Zaparrada trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, ekialdean bereziki; zaparradekin batera txingorra egin dezake eta haize-boladak gogorrak izan daitezke". Ostegun goizaldean ere, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke Gipuzkoako zenbait lekutan, bereziki ekialdean. Zaparrada trumoitsuak botako ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki ekialdean".

Giro honekin, Usurbilen gaur, ekainak 21, "goibel egongo da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu, batez ere egunaren bigarren partean. Ipar-haizea ibiliko da, azken orduetan mendebaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da". Bihar "goizean goiz zaparradak botako ditu. Orduak pasa ahala atertuz joango da eta hodeiak gutxitu egingo dira. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira". Ostirala eguzkitsu esnatuko zaigu.


Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.