Amaitu dute ikasturtea eta agurra herriarekin jendaurrean partekatu nahi izan zuten iragan asteburuan. Orbeldi Dantza Taldeak Mikel Laboa plazan eskainitako emanaldiarekin borobildu du azken hilabeteotako jarduna, baina ez doaz oporretara. Helduen taldeek estilo ezberdinetako dantza saioak eskaini zituzten frontoi atzean batu zirenei.
Festarik festa
Estreinatu berri dugun uda sasoiari ekiteko prest dira herriko dantzariak. Ate joka ditugun jaietan ikusiko ditugu ohi bezala, duten onena ematen. Hasteko, ostiral honetan bertan, ekainaren 23an abiaraziko dituzten Kalezarko jaietan. San Joan egunez, ekainaren 24an plazaratuko dira arratsaldeko 18:00etan.
Astebete beranduago, Usurbilgo jaietan itzuliko dira Orbeldikoak jendaurrera. Uztailaren 1ean izango da, larunbatez baita, baina eguerdi partean, 12:30etan frontoian. Hortik aurrera, aurreko urteetan Urdaiagako festetan ikusi izan ditugu baita. Dantza giro bizian emango diote ongietorria, beraz, estreinatu berri dugun urtaroari.
Ikasturte berrirako izen-ematea
2023-24 ikasturterako prestaketa lanak ere abian dituzte Orbeldikoek. Online apuntatzeko aukera egongo da, esteka honetan duzuen formularioa beteta: Orbeldikoen matrikulazioa . Xehetasun gehiago dantza taldekoen sare sozialetan jaso ahalko dira.