Ekainaren 17an izandako eratze bilkuraren ondotik, udalbatza osatuta, abiatu berri den 2023-27 legealdia antolatzen hasteko garaia da. Horri begirakoa izango da, Usurbilgo Udalak datorren ekainaren 27rako iragarri duen ezohiko osoko bilkura.
Hamalau puntuko gai-zerrenda jorratuko dute kargua hartu berri duten udal ordezkariek. Lau urteko berri honi ekiteko hartuko dituzten lehen erabakien artean izango dira; alkateordeen eta Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapenak jakinaraztea, alkatearen eskumemen eskuordetzeen berri ematea, udal talde politikoen eraketaz informatzea, batzorde informatzaileen kopurua eta izena zehaztu eta osatzea, udal talde politikoen eta zinegotzi liberatuen ordainsariak zehaztea, baita Udalak izango duen ordezkaritza beste organo eta erakundeetan...
Mahaikideak hautatzeko zozketa
Horrekin batera, ekainaren 17ko udalbatzaren eratze bilkuran zintzilik geratu zen, zinegotzietako baten kargu hartzea bertara joaterik ez zuelako izan. Ondorioz, datorren astearteko osoko bilkuran egingo du zin egitea.
Hori guztia, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetatik eratu berri den udalbatzak izango dituen lehen zereginak. Baina gogoan izan, ate joka ditugu uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Egun horretan osatuko diren hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien herrikideak hautatzeko zozketa ere osoko bilkura honetan egingo dute.
2024ko jai eguna
Aurrez, Usurbilgo jaiak izango ditugu ekainaren 29tik uztailaren 3ra. Uztailaren 2a, Santixabel eguna igandez egokituko denez, udalerri mailako festa eguna biharamunean izango da, hilaren 3an. Udalbatzak hautatzen du urtebete lehenago zein izango den herri honetako festa eguna. Normalean, aurtengoa salbu, uztailaren 2a izaten da. 2024koa, ekainaren 27ko udalbatzarrean erabakiko dute.
Osoko bilkura
Eguna: ekainak 27, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2023ko ekainaren 14ko bilkurako aktaren onespena.
2.- Josune Urkola Larrarte zinegotziaren kargu hartzea.
3.- 2023/07/23ko Hauteskunde Orokorretako mahaikideen zozketa.
4.- Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapen dekretuaren berri ematea (2023ITGB0001).
5.- Alkateordeen izendapen dekretuaren berri ematea (2023IAOI0001).
6.- Tokiko Gobernu Batzarrari alkatearen hainbat eskumen eskuordetze dekretuaren berri ematea (2023IETG0001).
7.- Alkatearen eskumenen eskuordetze dekretuaren berri ematea (2023IZDE0001).
8.- Udal talde politikoen eraketaren berri ematea (2023IAES0001).
9.- Batzorde informatzaileen kopurua, izena eta osaketa (2023IIBE0001).
10.- Zinegotzi liberatuen dedikazioa eta ordainsaria (2023IZDO0001).
11.- Udal talde politikoen eta zinegotzien ordainsariak (2023IZOR0001).
12.- Udal ordezkaritza beste organo eta erakundeetan (2023IORI0001).
13.- Behin behineko langilea (ID.05/2023-0044).
14.- 2024ko herri jaieguna izendatzea (2023IJAI0001).