Batetik, irudiotan ikusi dezakezuen moduan, Aranerreka eta Oria bazterrak garbitzen aritu dira egunotan. Bazuten zer eginik. Ikusi bestela zenbat hondakin atera zituzten: tartean tamaina handikoak. Txokoalden aritu zen DBHko talde bat Oria ertzak garbitzen, beste bat Aranarrekan parke eraberrituaren inguruetan. Jasotakoa, udal langileek Garbigunera eraman zuten.
Geure inguruko ibaien eta erreken inguruko lanketaz eta egoeraz kezkatzeaz gain, etorkizunari begira ere lanean jardun dute ikastolako LH eta DBHko ikasleek. Energia gaiei lotutako lanketa bideratu dute amaitu berri duten ikasturte honetan zehar. Eskola Agenda 2030 programaren baitan, Garapen Jasangarrirako Helburuari heldu diote, "energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea" jorratu dute, "Energia, bizitzaren motorra" aldarripean. Egitasmo eraberrituan, aurrerantzean bi urteroko lanketa egingo dute; lehenengo ikasturtean gaiari buruzko diagnosia eta esku-hartze plana diseinatu, eta bigarrenean, ekintzak abiaraziko dituzte.
Ikastolako nahiz kaleetako argiteriaren azterketa
LHkoei dagokienean, egunerokoan argiaren erabileraren kontrolaren jarraipena egin dute. Alegia, ikasgelatik irteteko unean (jolasgaraian, eguerdian eta arratsaldean) argiak piztuta edo itzalita dauden begiratu dute. Zenbait konpromiso hartu dituzte: gelatik ateratzean argiak itzaltzea, argi naturala erabiltzen saiatzea, erabiltzen ez dutenetan ordenagailua itzaltzea edota eskuak lehortzeko paper gutxiago erabiltzea.
DBHn, aldiz, kaleko argiteria publikoa aztertu dute; Usurbilgo farola mota ezberdinak eta haien arteko ezberdintasunak. Asmoa, haien guztien "argi-kutsadura aztertzea izan da" baita kontsumo energetikoa behatzea ere. Alor honetako txosten bat osatu dute, hartu dituzten konpromisoekin.
Eskaerak Udalarentzat
Egindako lanketa Udalari aurkeztu diote egunotan ikasleek. Hauen guztien berri eman diote egunotan ikasleok Udalari. Herriko etxeari hain zuzen hainbat eskaera bideratu dizkiote. LH-koek bi: ikastolako geletako sapaietan leihoak jartzea argi naturala errazago sartzeko; bestetik, kaleko farolak egunez itzaltzea. DBH-koek: faroletarako LED bonbilak baliatzea argindarra aurrezteko; farola itxugarrien herri mailako azterketa egitea argi-kutsadura murrizteko; farolen altuera berraztertzea; eguzki-plakadun farolak jartzea; farola batzuen argi-orientazioa berraztertzea; farola gehiegiko inguru batzuetan batzuk kentzea; energia berriztagarria erabiltzea faroletako argindarrean; edota gune batzuetan sentsoredun farolak ezartzea.
Aurten abiatutako lanketari datorren 2023-24an emango diote segida. "Datorren ikasturtea gaia sakontzeko eta partaidetza atala martxan jartzeko erabiliko dugu. Horretarako, esku-hartze planen aukeraketa eta diseinutik abiatuko gara, ondoren gauzatzeko. Eta planak aurrera eramateko udalaren laguntza beharko dugula" adierazi dute. Helburu argi batekin: denon artean, herri jasangarri baten alde jokatu behar dugulako, inor atzean utzi gabe!".
-