Onditz Oroituz, Donostiako Triatloia
36. Onditz Oroituz triatloia antolatu dute Donostian igande honetan, ekainaren 25ean. Goizeko 9:15ean hasiko da proba, 13:00ak aldera amaituko dutela aurreikusi dute. Parte hartzaileek, lehenbizi, kilometro eta erdiko ibilbidea egin beharko dute igeri Kontxako badian. Segidan, eta horregatik dakarkigu albistea lerrootara, 40 kilometro bizikleta gainean. Hiriburuan hasi eta amaituko duten ibilbidearen baitan, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dute kirolariek. Dagoeneko Troia eta Txikierdi artean guztiz zabalik den N634 errepidetik barrena helduko dira Txikierdi aldetik. Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dituzte parte hartzaileek, aipatu moduan. Handik Oriorantz joko dute gero eta Mendizorrotzetik barrena, Igeldora gero eta hortik Donostiako abiapuntura. Proba amaitzeko, ordea, 10 kilometro korrika egin beharko dute Gipuzkoako hiriburuan barrena. Adi bide mozketei.
Frantziako Tourra
Frantziako 110. Tourra Hego Euskal Herrian abiatuko da uztailaren 1ean, Bilbon hasi eta amaituko dena. Lehen hiru etapak lur hauetatik igaroko dira, haietatik bi, jaietan izango den Usurbilek mugakide dituen udalerrietatik. Hilaren 2koa Gasteizen hasi eta Donostian amaituko da. Herriz herri iritsiko dira parte hartzaileak Gipuzkoa hegoaldetik Beterri Buruntzara; Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga zeharkatuko dituzte 14:00ak pasatxoan. Helmuga, aipatu moduan, hiriburuan kokatua egongo da.
Biharamunekoa, hilaren 3koa, Bizkaiko Amorebietan hasi eta Lapurdiko Baionan amaituko dute txirrindulariek. Kasu honetan, Gipuzkoara kostaldetik sartuko dira, Mutriku aldetik. Kostaldea utzi gabe helduko dira Orioraino 13:30ak aldera, eta handik gorantz Orioko Bentara igo eta Igeldo alderako bidea hartuko dute. Donostia zeharkatuko dute 13:50 aldera bigarren egunez txirrindulariek eta hortik Pasaia aldera joko dute segidan. Adi, Tourrak zeharkatuko dituen bide guztiak ordu luzez itxita egongo dira. Informazio gehiago, letour.euskadi.eus atarian. Etapa hauek ikustera joateko asmoa duenak ikurrina errepidera ateratzeko deia egin du Gure Eskuk.
Donosti Cup
Uztailaren 3tik 9ra jokatuko den nazioarteko gaztetxoen futbol txapelketako hainbat neurketa Haranen izango dira aurten ere; hilaren 4tik 6ra multzokoen faseko partidak, uztailaren 7an eta 8an azken fasekoak eta hilaren 9an finalak izango dira. 9-25 urte arteko haur eta gazteek parte hartuko dute.
Haranen hainbat neurketa jokatuko direla aipatu dugu, baina herri honek ere ordezkaritza izango du nazioarteko txapelketa honetan. Usurbil FT-k lau talde osatu ditu hitzordu honetan parte hartzeko. Haiekin batera, nazioarteko hainbat talde lehiatuko dira txapelketa honetan; besteak beste, Andorra, Australia, Belgika, Txile, Txina, Frantzia, Euskal Herria, Honduras, Japon, Jordania, Mexiko, Peru, Portugal, Mendebaldeko Sahara, AEB, Uzbekistan eta herrialde gehiagotakoak. Informazio gehiago, donosticup.com atarian.
Donostiako Klasika
Frantziako Tourra Usurbilek mugakide dituen udalerrietatik igaroko da uztailaren 2an eta 3an. Hilabete amaieran, ordea, Donostiako Klasika antolatu dute, uztailaren 29an hain zuzen. Hitzordu honetako txirrindulariak bai, gure artetik igaroko dira eta ez behin, bitan baizik. Egunotan aurkeztu dute Donostiako Klasikaren ibilbidea. 230,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek.
Gipuzkoako hiriburuan hasi eta amaituko den txapelketak, aipatu moduan bitan zeharkatuko du udalerri hau. Hasi eta berehala lehenbizi. Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko dira uztailaren 29an 10:53an eta Txikierditik barrena N634 errepidean zeharkatuko dute Usurbil (11:15 aldera) eta Aginaga (11:20) aldera. Oriorantz joko dute gero. Gipuzkoan barrena ibili ostean, Mendizorrotzera itzuli eta handik gerora Aginagara itzuliko dira berriz 15:57 aldera, eta 16:03 aldera Usurbilera. N634 errepidetik barrena kontrako noranzkoan Donostia aldera joko dute gero. 17:00ak aldera amaituko da proba.
Antolatzaileek aurkeztu berri duten ibilbideari dagokionean, inguruotako bide zatia nabarmendu dute. "Edizio honetan bitarteko bi esprint izango dira; hain zuzen ere, helmugatik lehen aldiz igarotzean, Donostiako Boulevardean eta Usurbilen". Gainerakoan, iragarri dutenez, "aurtengo ediziorako proposatutako trazadura iazkoaren desberdina da, 230,3 km eta 7 mendate puntuagarrirekin. Protagonista handiak Jaizkibel, Erlaitz eta, nola ez, Murgil (bi aldiz) izango dira". Informazio gehiago, klasikoa.eus atarian.