Akabo, musukoa janzteko betebeharra erabat desagertuko da laster. 2020. urteaz geroztik hiru urteotan jantzi beharra izan da, hasieran eremu guztietan. Gerora, toki geroz eta gutxiagotan. Egun, farmazietan edota osasun zerbitzuetan (anbulatorioan, ospitalean, adinekoen egoitzetan...) erabili beharra zegoen.
Aurrerantzean ez. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidego autonomoetakoek gune horietan guztietan ere musukoa erabiltzeko betebeharra kentzea adostu dute ostiral arratsalde honetan, ekainaren 23an. Erabaki honekin, beraz, orain bai, 2020. urteaz geroztik izan dugun osasun krisialdiagatik indarrean zen azken neurri murriztailea ezabatzea erabaki dute.
Halere, oraindik neurri hau ez dago indarrean. Espainiako Gobernuak ze egunetatik aurrera aplikatuko duen erabakitzeke du. Ohi bezala, musukoak erabiltzeko betebeharra ezabatuko duen neurria Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean jarriko dute indarrean. Oraindik, aipatu moduan, hori noiz gertatuko den zehazteke dago.