Aitor Pikabea Atorrasagasti zendu da, NOAUA! K.E.-ren sortzaileetako bat

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 26a, 09:49

1996an kultur elkarte hau martxan jartzen lan egin zuen herrikideetako bat zendu da asteburuan.

Ostiralean, ekainaren 23an zendu zen Aitor Pikabea Atorrasagasti. Usurbildarrak 53 urte zituen. Larunbatean eman zioten azken agurra. Usurbildarrak, besteak beste, NOAUA! 1996an martxan jartzen parte hartu zuen. Egitasmo hau sustatzeko osatu zen herriko talde eragileko kidea izan zen. Ordukoa izan eta ezaguna egin den ondoko talde argazkian duzue Aitor, makurtua dagoen ilaran, ezkerretik hasita lehenengoa da. Herri egitasmo hau martxan jarrita ere administazio taldeko kidea izan zen.

Bere heriotzaren harira, ondoko gutuna jaso du baita NOAUA!k:


GUTUNA
Aitor Pikabea Atorrasagasti
San Juan bezperaz jakin dut: Aitor joan da. Berri motza bezain krudela.

Borborka datozkit gogoetak: mundua konpondu (irabazi) behar genuen hura; bere enpresari senaz, helburuak zorrozteko aholkatzen ziguna; behin eta berriz horrelakorik ez egiteko esan arren, lagunartean gozatzeko lanpernak biltzeko bere grina; entsaio kontaezinen ostean, txalaparta estreinekoz beheko plazan jo genuen eguna; usurbildarron alde, euskararen alde, Noaua martxan jartzeko egindako guztia, emandako ordu pila, Aitzagan sartutakoak ... Eta ezagutzen ez ditudan hainbeste.

Aitor, bihotz bihotzez, mila esker. Mila esker hire izatea gurekin partekatzeagatik. Elkarrekin partekatutako egitasmoak ez hituen gauza bera izango hi gabe.

Ez adiorik.

Txingurri