Oilaskoa biltzailearen eskuartean harrapatua, eta biltzailea, bera baino askoz handiagoa den hegaztiaren atzaparretan. Zer pentsatua eta dagoeneko zer esana ematen ari den harrapakarien kate berezia irudikatu du, astelehen goiz honetan frontoian eseki duten maskotak.
Iaz, zelataria izan genuen Potxoenea parean, jaien nondik norako guztiak behatzen. Aurtengoan, zelatariarekin baino kontu handiagoa izan beharko dugu. Izan ere, harrapakarien harrapakaria izango dugu jaietako zaindaria. Adi, frontoian izango da zintzilik Santixabelak uztailaren 3an amaitu eta gau partean, 23:00etan sutan desegin arte.
Kontuz ibili; harrapatzen bagaitu, ehizatua badu nora eraman; begiratu Potxoenea atarira. Hantxe jarri du kabia.
Artelan ederra askoa aurten ere Jokin Eizagirre herrikideak festetarako ondu duena. Ohi bezala, zer hausnartua emango diguna.