Usurbilgo jaiak 2023

Herriko festak abiaraziko dituen gazte egitarau zabala

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 26a, 10:03

Txupinazoa jaurtiko duen gazte mugimenduak jaietarako hamaika ekimen iragarri ditu.

Auzolanean diharduen herri eragile sare baten emaitza dira ekainaren 30etik uztailaren 3ra ospatuko ditugun Usurbilgo festak. Bost egunotan, gazte mugimenduak diseinaturiko hamaika hitzorduetan parte hartzeko aukera izango da.

Gogoan izan, urtean zehar herri giroa gogotik eragiten duen belaunaldi hauxe izango dela festei hasiera emango diena. Bitan aurten; lehenbizi, Jai Batzordeak antolaturiko proposamen bilketan hautatuak izan ostean, udaletxeko balkoitik. Gero, txosnen irekierarekin batera.

Herri kalejirarekin bat egiteko deia
Bi hitzorduon artean, herri osoa gonbidatu duten kalejira antolatu da Kaxkoan barrena. Hitzordu honi azpimarra egin nahi diote aurtengoan. Eguna halere, goizean goiz hasiko dute; oilasko biltzaileen gosari eta irteerarekin. Deialdia zabaldu eta beteranoei ere leku egin nahi diete aurtengoan. "Parte hartzea handitzen saiatu nahi dugu. Gazteak soilik ez, helduagoak ere animatu nahi ditugu. Lehen festa eguna izango da, fresko egongo gara oraindik", gogorarazi dute.

Oilasko biltzaileenaren ostean, Gazte Eguna antolatu dute ekainaren 30ean, berrikuntzekin. Bazkalaurreko tartean, "marianitada" prestatu dute txosnetan girotzen hasteko. Bazkalosterako, espetxeratzeko agindua jaso duten Aitor eta Galder gazteen aldeko elkartasun argazkia, bingo musikatua eta Distopia Elektrotxarangarekin kalejira iragarri dute. 

Biharamunean, zikiro janarekin bat egingo dute, eta bazkalostean, Mexikortxo rantxerak eta Laskotxarangarekin osatuko dute eguna. Kontzertu gau luzearen ostean, igande goizean segiko dute gaupaseroek ohiko kalejira eta argazkiarekin. 

Runba poteoa
Igande arratsalderako ekimen berri bat iragarri dute; Runba poteoa eta parodia txosnetatik. "Etorri kuadrilarekin mozorrotuta", gonbidatu dute. Usurbilen bizi izan den zarauztar baten ideia izan da honako hau. "Euskal abesti batzuk runba estilora moldatu eta festetan jotzeko aukera eskaini genion. Berak eta bere lagun musikari batzuk prestatu dituzte". Kanta hauek guztiak "hamarkadaz hamarkada antolatu dituzte". 70. hamarkadatik gaur arte. Hortik, kalejira berezi honekin bat egin nahi dutenentzako deialdia. "Parte hartu nahi duen orori hamarkada bakoitzean bereizgarria izan daitekeen ikurren bat hautatu eta horretaz mozorrotzea proposatu nahi diegu". Herrian barrena bira egingo dute, "tabernaz taberna. Geldialdietan jolasak, ekitaldiak... egongo dira". Ekimen honen bidez, "belaunaldiarteko harremana sendotu" nahi dute.

Festetako azken egunerako ere zenbait hitzordu iragarri dituzte bazkalosterako, musa eta paella lehiaketa. "Denok batera afaltzeko aitzakia izango da", ohartarazi digute gazte mugimendutik. Arroza, olioa, gatza, gasa eta zartagina antolakuntzak jarriko du. Gainerako osagaiak, parte hartzaileek eraman beharko dituzte.

Gauetarako eskaintza zabala
Orain arte aipaturiko ekintza guztiak egunez izango dira. Baina gautxorientzat ere eskaintza zabala prestatu dute: kontzertuak, DJ-ak... Eta Bertsio Gaua. Ekimenera 14-15 talde animatu dira. "Adin eta genero aldetik" askotarikoak. "Iaz emakumeen presentzia areagotu zen, aurten ere bai". Gainerakoan, koadriletatik haratago doazen taldeak, Zumarteko kideak... ikusiko ditugu txosnetako oholtza gainean, ekainaren 29an. Adi, Xauxar Txosna Batzordearen sare sozialei. Egunotan, parte hartuko duten taldeen berri eskainiko dute.


Usurbilgo jaiak: gazte egitaraua
Ekainak 29, osteguna
06:00 Oilasko biltzaileen gosaria eta irteera, txosnetatik abiatuta.
14:00 Oilasko biltzaileen itzulera eta bazkaria.
19:00 Txupinazoa eta ikurrinaren igoera Joxe Martin Sagardia plazan, gazte eragileen eskutik.
Ondoren, herri-kalejira, besteak beste buruhandi eta erraldoiekin.
20:00 Gazte txupinazoa, txosnen irekiera.
23:00-00:30 Dantzaldia frontoian: Laket.
Jarraian, Bertsio Gaua txosnetan.

Ekainak 30, ostirala
13:00 Marianitada txosnetan.
14:30
Gazte bazkaria txosnetan.
Ondoren, Aitor eta Galderren aldeko elkartasun argazkia.
Ondoren, bingo musikatua.
18:00 Distopia Elektrotxaranga.
23:00 Niko Etxart&Hapa-Hapa frontoian.
Txosnetan: Pleura, La Furia, La Fulana DJ.

Uztailak 1, larunbata
Kuxkuxtu Txaranga.
14:00 Zikiro jana, Askatasuna plazan.
18:00 Mexikortxo rantxerak txosnetan.
Ondoren, Laskotxaranga.
23:00 Kontzertuak frontoian: Mihise eta Xiberoots.
Ondoren, txosnetan: Rukula, Odei Latxironga Dj-a.

Uztailak 2, igandea
07:00 Skapaie elektrotxaranga.
Ondoren, gaupaseroen argazkia.
09:00 Esnadeia txistulariekin.
18:30 Runba poteoa eta parodia txosnetatik. Etorri kuadrilarekin mozorrotuta.
22:00 Kontzertuak txosnetan: Kohatu eta Lukiek.
Ondoren, Fresa Morango DJ-a.

Uztailak 3, astelehena
15:30 Musa txosnetan.
19:00 Paella lehiaketa txosnetan.
23:00 Maskota erretzea eta traka.
Ondoren, txosnetan: Amiltzen eta karaokea.