Orain bai, atzera kontaketa betean da Ziortza gazte elkartea, uztailerako antolatu duen kanpaldira begira. Aipatu bilguneak ateratako albiste honen argazkian ikus dezakezuenez, asteburuan herriko boluntario talde bat izan da Peñaloscintosen (Errioxa) muntaketa lanetan. "Aurtengo kanpaldirako prest" direla eman dute aditzera, laguntzera joandako guztiei esker ona adieraztearekin batera. "Eskerrik asko aurtengo kanpaldiko muntaketara azaldu zareten guraso, gazte eta boluntario guztioi! Zuek ere kanpaldiaren parte zarete!", adierazi diete.
Aipatu gazte elkartetik gogorarazi dutenez, kanpaldiaren desmuntaketa lanetarako laguntza beharko dute. "Abuztuaren 5ean (larunbata) izango da. Parte hartzeko prest bazaude bidali mezu bat ziortzakanpaldia@gmail.com helbidera zure izen-abizenak, telefono zenbakia eta kotxea ekarri dezakezuen ala ez adierazten. Gurasoekin batera gazteok ere etor daitezke!", ohartarazi dute.
Parte hartze muga hautsita
Azken urteotako partaide gehientsuen bildutako urtea izango da honakoa; “94 gazte lehen txandan”. Azpiegiturak prestatuta, gazteak falta ditu orain kanpaldiko eremuak. "Geroz eta gutxiago falta da lehenengo txandari hasiera emateko!", iragarri dute. Usurbilgo jaiak amaitu eta berehala, uztailaren 5ean joango dira lehen txandakoak. Hauez gain, beste bi taldeek ere egonaldia egingo dute bertan, egunotan:
-Uztailak 5-14: DBH 3-4.
-Uztailak 14-21: DBH 2.
-Uztailak 21-28: DBH 1.