Herria jaietarako prestatzen hasia da azken orduotan. Festa egunetako martxara egokituko da Usurbil datozen egunotan; baita besteak beste, bideak ere. Sagardo Egunean edota bestelako ekimen berezi batzuk egiten direnetan gertatzen den moduan, Usurbil eta Hernani arteko autobus zerbitzuak ez du geltokirik izango herri barruan. Jaiek iraun artean, ekainaren 29tik uztailaren 3ra, autobusak San Inazioko biribilgunean geratuko dira, hilaren 29an arratsaldeko 15:00etan hasi eta uztailaren 3ko gauera arte. Hilaren 4tik aurrera, ohiko geltokia berreskuratuko du. "Aldi berean, ordea, uztailaren 4an, asfaltatze lanak direla eta, herri barruko ibilbidea aldatu beharko du autobus zerbitzu horrek, eta ohiko geralekuaren parean egin beharko ditu geldialdiak", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.
Hori festek iraun artean. Santixabelen ostean, aldiz, uztailaren 4tik aurrera hainbat asfaltatze lan egingo dituela berri eman du Udalak. Lanok egingo dituzten eremuetako bat Aginagako Intxaurretako autobus geltokia izango da. Gainerako lan guztiak Usurbilgo erdigunean egingo dira eta, adi, modu ezberdinetan bertako joan-etorriei eragingo diete. Batetik, Udalak ohartarazi duenez, Kale Nagusiko 10-35 zenbakien artean "gutxi gorabehera, egingo dituzte lanak, uztailaren 4an bertan. Tarte horretan, ibilgailuek ezingo dute pasatu, eta, beraz, 08:00etarako hustu egin beharko da. Donostia-Zumaia ibilbidea egiten duten autobusak, berriz, San Inazioko biribilgunean geldituko dira, lanek iraun bitartean".
Puntapaxen ere bai
San Ignazio kalean ere asfaltatze lanak egin asmo dituzte. "Kale Nagusiko lanak amaitutakoan -litekeena da uztailaren 4an bertan izatea-, San Inazio kalean egingo dituzte asfaltatze lanak, hilerri zaharraren pareko zatian. Autoek bertatik pasatzeko aukera izango dute: langileen bidez bideratuko dute trafikoa".
Lanok amaitutakoan ekingo diete Puntapax kalekoei. "Erdiguneko biribilgunean hasi, eta Puntapax 6B-ra arteko tartean egingo dute lan. Kasu horretan, mozketa txiki batzuk egon daitezke, eta litekeena da ibilbide alternatiboak hartu behar izatea".