48 ordu eskas baino ez, egunerokotasuna alboratu eta bost eguneko etenik gabeko festa giroan murgiltzeko. Nabari da bai Kaxkoan. Goitik behera itxuraldatzen doa azken orduotan. Batetik, Mikel Laboa plazako txosnagunea eraikitzen hasi dira astearte goiz honetan. Horrez gain, atzo maskota eseki ostean, plaza alde batetik bestera apaindu dute gaurkoan. Girlandez josi dute eremua.
Belaunaldiarteko auzolanetik sortutako girlandak
Gogoan izan, Udarregi Ikastolako DBH2ko ikasleek ekimen berria jarri zuten martxan iazko ikasturtearen hasieran 2022ko Santixabeletarako oihalezko girlandak sortzeko. Urteroko plastikozko girlanda gorriak iraganeko elementu bilakatu, eta birziklatutako materialez egindakoak izango ditu Usurbilek aurrerantzean.
Hondakinak murriztu eta birziklapena sustatzeko Balore Etikoak arloan garatu zuten proiektu hau ikasleek, eta ez hori bakarrik, belaunaldien arteko harremana ere sustatzea izan zuten helburu. Izan ere, Udarregi Ikastolako ikasleez gain, herriko jubilatu taldeek ere parte hartu zuten proiektuan; Gure Pakea Elkarteko kideek, bai eta Santueneako eta Aginagako jubilatu taldeek ere. “Proiektua azaltzera joan ginen hiru lagun eta jubilatuei asko gustatu zitzaien ideia. Laguntzeko prest agertu ziren, eta haiek arduratu dira girlandak behar bezala josteaz”, adierazi zioten iaz ikasleek NOAUA!ri.
Maindireekin, mahai oihalekin eta bestelako oihalekin osatutako 30 metroko girlandak dira, kolore ezberdinetakoak, jaiotan ikusgai izango dituzuenak.
"Ehiztari ehizatua"
Oilaskoa biltzailearen eskuartean harrapatua, eta biltzailea, bera baino askoz handiagoa den hegaztiaren atzaparretan. Zer pentsatua eta dagoeneko zer esana ematen ari den harrapakarien kate berezia irudikatu du, astelehen honetan frontoian eseki duten maskotak.
Iaz, zelataria izan genuen Potxoenea parean, jaien nondik norako guztiak behatzen. Aurtengoan, zelatariarekin baino kontu handiagoa izan beharko dugu. Izan ere, harrapakarien harrapakaria izango dugu jaietako zaindaria. Adi, frontoian izango da zintzilik Santixabelak uztailaren 3an amaitu eta gau partean, 23:00etan sutan desegin arte.
Kontuz ibili; harrapatzen bagaitu, ehizatua badu nora eraman; begiratu Potxoenea atarira. Hantxe jarri du kabia.
Artelan ederra askoa aurten ere Jokin Eizagirre herrikideak festetarako ondu duena. Ohi bezala, zer hausnartua emango diguna.