Usurbilgo jaiak 2023

"Diseinuaren bidez, festak transmititzen didana irudikatzen saiatu naiz"

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 27a, 10:59

Egitarau txapelketak badu 2023ko Santixabeletako irabazlea: Peru Agirresarobe herritarra. Batxilergo artistikoko ikaslea da bera, eta ikasturtean ikasitakoa praktikan jartzeko aprobetxatu du aukera hau, eta nola gainera, irabazle izatea lortuta. NOAUA!rekin izan da gaztea aurtengo diseinuaren nondik-norakoak aditzera emateko.

NOAUA! Aurtengo egitarau diseinu txapelketa irabazi duzu. Zer aurkituko dugu egitaraua hartzean?
Peru Agirresarobe: Jai giroa bilatu nahi nuen diseinuarekin, niri festak transmititzen didana irudikatuz. Azken urteetakoak begiratu nituen ideiak hartzeko eta horiei buelta bat emanda neure diseinu propioa sortu nahi nuen. Batez ere, kolorean jarri nuen arreta. Zerbait biziaren bila ari nintzen ni, marrak erabili eta koloreen potentziarekin lan espresibo bat egin nahi nuen. Kolore gorria izugarri identifikatzen dut Usurbilekin, ez dakit zergatik. Bide horietatik ekin nion diseinuari.

Azken urteetako diseinuekin alderatuta, zein berrikuntza eskaintzen ditu aurtengoak?
Begiratu nituen egitarau gehienetan marrazki sinple eta ulergarriak erabili zituzten, baita egitarauari zuzenean lotutako irudiak ere. Nireak jaiak barnebiltzen ditu, orokorrean, eta egitaraua barruan dauka. Nahikoa abstraktua ere izan daiteke.

Oso irudi abstraktuak dauzka. Zer irudikatzen dute?
Potxoeneako arduradunak ere galdera bera egin zidan. Tren txu-txua ikusten omen zuen berak. Portadako irudia Usurbilgo plaza da. Dema plaza irudikatzen du batik bat; lurrean karratuak daude, dorre gorri bat dauka eta ondoan Paris etxea; eta beste aldean, plazaz bestaldeko etxeak. Barruko atala abstraktuagoa da. Pertsonak daude: umeak, musikariak... Koloreak erabiltzean ere hausnarketa egin nuen. Aurreko urteetako lanak ikusita, nik kolorearen alde egin behar nuela erabaki nuen, orain artekoek baliabide hori gehiegi erabili gabe zeukaten eta. Kolore leherkorrak jaien adierazgarri onena izan zitezkeela iruditu zitzaidan eta armonia bat sortu nuen. Probak egin nituen koloreak elkarren alboan jarrita, eta aurkako koloreen aldeko apustua egin nuen azkenean: morea eta horia, gorria eta berdea... Kolorearen teoria aplikatu nuen.

Lehen aldia duzu parte hartzen. Nolatan eman zenuen izena txapelketan?
Ez daukat gogoan nola otu ote zitzaidan izena emateko ideia. Norbaitek esan edo proposatu zidala uste dut. Lehenago ez nekien txapelketa hau egiten zenik ere. Aurten egiten aritu naizen ikasketekin bat zetorren txapelketak eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan.

Zeintzuk dira ikasketa horiek?
Aurten diseinuko arloa neukan, batxilergo artistikoa egiten ari bainaiz. Ikasturte osoan zehar lan asko egin dugu ikasgaian sakontzen eta eskola lan gisa hartu nuen txapelketa ere. Behin irabazi nuela jakin nuenean, irakasleari erakutsi nion eta asko gustatu zitzaion. Lan pertsonaltzat hartu nuen, ikasturtean ikasitako hori benetan barneratuta neukan ikusteko.


"Neure kabuz ikasi dut diseinatzen, Youtuben tutorialak ikusiz"

NOAUA! Denbora askoz behar izan duzu lana borobiltzeko?
Peru Agirresarobe: Ez ditut zenbatu, baina ordu asko izan dira. Lagunak ikasten ari ziren bitartean, nik ez neukan ezer egiteko eta denbora hori aprobetxatu dut proiektu hau egiteko. 

Batxilergoa amaituta, diseinu grafikoa edo antzeko ikasketak egitea pentsatu duzu?
Asko kostatu zait aukera egitea. Batxilergoko lehen urtea zientifikoa egin nuen eta ondoren, artistikora salto egitea erabaki nuen. Bi bideak gustatzen zaizkit, baina lan-munduan artistikoari lotuta erosoago egongo naizela uste dut. Datorren ikasturtean diseinu grafikoa edo horri oso lotuta dauden ikasketa batzuk egitea erabaki dut. Esperientzia hau asko gustatu zait eta horrelako lan batean irudikatzen dut neure burua. Moda diseinua egitea ere pentsatu nuen lehenago, baina zehatza da arlo hori, diseinua modara bakarrik bideratzen delako. Beraz, diseinu grafikoaren alde egin dut alor gehiago biltzeko.

Batxilergoan diseinu grafikoari lotutako zerbait egiteko aukera izan duzu?
Ez, neure kabuz ikasi dut. Egitaraua egin bitartean neure kasa ikasi dut. Krita deskargatu nuen eta hor saltsan ibilita ikasi dut egin dudana egiteko beste. Tutorialak Youtuben ikusi nituen, eta lehenengo marrazkia paperean eginda, lehen aipatutako arkatzarekin digitalean egin nuen.

Paperetik digitalerako jauzia ez al zaizu zaila iruditu?
Jauzi hori zaila izan da teknikoki, erramintak ez nituelako ezagutzen. Prozesuaren zatirik handiena eskuz egin dut, errazagoa delako niretzat horrela lan egitea.


"Lana amaituta, izugarrizko bakea sentitu dut"
NOAUA! Datorren urtean ere parte hartuko duzu?
Peru Agirresarobe: Ez dakit. Lan handia hartu dut hau egiteko eta behin amaituta izugarrizko bakea sentitu dut. Ez dakit hori berriz bizitzeko gogoa izango dudan. Gogoa badut, agian, parte hartuko dut berriz ere. Ideia zerotik hasi eta prozesu osoa egiteak lan handia eskatzen du eta aurten oso serio hartu dut neure burua proban jartzeko, baina datorren urtean horretarako gogorik izango dudan batek daki. Jendea anima dadila horrelako lehiaketetan parte hartzera. Aurten sei parte hartzaile baino ez gara izan txapelketa honetan. Ez dago beti irabazi beharrik, baina ideiak hartu eta alderdi teknikoa pixka bat lantzeko aukera oso polita da. Arduradunek azken momentura arte aldaketak egiteko aukera ematen dute, gainera.