Behin ez, bitan emango diote hasiera Usurbilgo jaiei, merezimendu osoz gainera, urtean zehar herria dinamizatzen egiten duten ahalegin itzelagatik. Jai Batzordeak txupinazoa nork jaurti erabakitzeko herriari eginiko deialditik hala erabaki dute; aurtengo festak abiarazteko ohore bikoitza izango du Usurbilgo gazte mugimenduak. Mugimendu honek barnebiltzen dituen eragileetako ordezkariak ikusiko ditugu ekainaren 29an 19:00etan udaletxeko balkoian: Aztarrika Gazte Asanblada, Kafe Tertulia neska* gazteen talde feminista, Ernai, Ziortza gazte elkartea eta Xauxar Txosna Batzordea. Haien eskutik biziko dugu ekainaren 29ko Santixabelen hasiera, lehenbizi, udaletxeko balkoitik, eta segidan, herrian barrena egin eta Mikel Laboa plazan amaituko den herri kalejira amaierako txosnen irekiera.
Jaiak hasi bezperatan, esker oneko agertu da herriko gazte mugimendua, txupinazoan “egindako lana ikusarazteko aukera izango dugulako”. Hain zuzen, argi diote, “urte osoan gazteok egiten dugun lanaren aitortza da. Gazte asko mugitzen gara herriari bizitza ematen. Herriak hori baloratzea polita da”. Txupinazoko une gogoangarri hori, aldiz, egindako lan guztia “ikusgarri egiteko modua” izango da.
“Elkar laguntzen gara”
Jaien hasiera unea nola biziko duten galdetu diegu. “Plazan zaudela balkoira igotzen direnak hunkituak ikusten dituzu. Polita izan behar du bertan herri osoaren aurrean jarri, hitz batzuk adierazi eta jaiei hasiera ematea”. Balkoira iritsi eta plazan bilduko diren herrikideei zer helarazi nahi duten galdetuta, aldiz, bi mezu nabarmendu dizkigute. Batetik, gazteengana zuzendu nahi dira. “Animatu gazte mugimenduan parte hartzera. Ildo asko ditu: aisialdia, feminismoa, dinamika ezberdinak... Bakoitza bere grinetik animatu gugana etortzera, eskuzabalik hartuko zaituztegu”.
Mugimendura gerturatzen denak aurkituko duen errealitatea deskribatu digute. “Polita da denon artean egin dugun harremana. Elkar laguntzen gara, gauzak elkarrekin antolatzeko oztoporik ez dugu, eta horrek azkenean herri giroan eragina du, batez ere, gazteon artean gure harremanak indartu eta harreman berriak eraikitzerakoan. Azkenean, herrian batua dagoen gazteri bat ikusten da, gauzak egiteko gogo handia duena. Oso onuragarria da”. Gainera, ohiko lagun taldeetatik kanpo gazte gehiagorekin harremantzeko bidea ematen duela diote, baita noski, auzolanean ondo pasatzeko tartea eskaini ere. “Herriari gauzak ematen bete egiten da bihotza”, adierazi digute.
Gazteria indartsua, herri indartsua
Helarazi nahiko luketen beste mezuetako bat herriari begirakoa da. Orain arteko ildotik segiko dutela adierazi digute, “herria mobilizatzen, mugitzen. Azkenean, gazteria indartsu bat egotea, herri indartsu bat egotea da eta hala segiko dugu”.
Orain arteko bidetik, “gehiago indartu nahi ditugu geure arteko harremanak” eta elkarlanean sakontzen segi nahi dute baita herriko beste eragileekin. Ildo horretan kokatu dute kulturgileekin batera eraikitzen ari diren Usurbilgo Elkargunea, berriki jendaurrean aurkeztu dutena.
Hamaika zereginetan
Baina beste hamaika dinamiketan ere murgilduak daude gazte eragileok. Ziortza esaterako, oraintxe udako kanpaldiko prestaketa betean. Azken urteotako partaide gehientsuen bildutako urtea izango da honakoa; “94 gazte lehen txandan”. Ekainaren 24an bideratu zuten Peñaloscintosen (Errioxa) egokituko dituzten azpiegituren prestaketa lana eta uztailaren 5ean joango dira hiru txandetan lehenengoak.
Aztarrika gazte asanbladak, bestalde, ekainaren 16an amaitu zuen, frontoiko azken aldiko ostiral gauak girotu dizkigun Aztarri-Cup ekimena, sari banaketarekin. Horrez gain, “duela hilabete Elizondoko gazte asanbladarekin elkartruke bat egiten izan ginen”, berri eman digute.
Euskal Herri mailako topaketa prestatzeko lan betean da, Kafe Tertulia neska* gazteen talde feminista; urriaren 13tik 15era Usurbilen egingo den Euskal Herri mailako Baterajotze ekimena hain zuzen. “Lan asko eskatzen digu horrek eta herriaren laguntza behar dugu”. Zer egitera doazen aurkezteko jendaurreko aurkezpena iragarri dute uztailaren 14an 19:30etan Mikel Laboa plazan.
Xauxar txosna batzordeari buruz, izenari erreparatuta soilik ezer gutxi dago esateko, oraintxe ezin lanpetuago dabiltzala jaien prestaketetan. Azkenik, Ernai. Hilabeteotan osasun mentalari buruzko dinamika abian izan dute. Lehenbizi, gairi buruzko galdetegia egin zuten. “Usurbilgo gazteriari kezkatzen dioten gaiak atera ziren”. Hor bildu dituzten emaitzetan oinarrituriko harreman ereduen inguruko saioa ere egin zuten. “Oso saio emankorra izan zen” eta aurrera begira horri segida eman nahi diote.