Usurbilgo jaiak 2023

Bost kontzertu eta parranda gau

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 27a, 10:03

Ekainaren 29tik uztailaren 3ra arte Usurbilgo jaietako gauak musikatuak izango dira noski; Usurbilgo nahiz Euskal Herriko musika taldeak izango ditugu frontoiko nahiz txosnaguneko oholtzetan, baita DJ-ak ere... Bertsio Gauaz edota karaokeaz gain noski.

Herrikideak ikusiko ditugu emanaldi batean baino gehiagotan. Hasteko, usurbildarrena izango da ekainaren 29ko lehen parranda gaua. Lehenbizi Laket taldearekin erromeria giroan murgiltzeko aukera izango dugu frontoian. Taldeko kideetako bat, abestu eta kitarra jotzen duen kidea herrikidea da, Ixak Arruti. Gero, Bertsio Gaua ospatuko da txosnetan. Kasu honetan, antolatzaileek berri eman dutenez, ekimenera 14-15 talde animatu dira. "Adin eta genero aldetik" askotarikoak. "Iaz emakumeen presentzia areagotu zen, aurten ere bai". Gainerakoan, koadriletatik haratago doazen taldeak, Zumarteko kideak... ikusiko ditugu txosnetako oholtza gainean, ekainaren 29an. Adi, Xauxar Txosna Batzordearen sare sozialei. Egunotan, parte hartuko duten taldeen berri eskainiko dute.

Herriko bi talde igoko dira baita frontoiko nahiz txosnetako oholtzetara. Mihise edo Beñat Urteaga (baxua, ahotsa), Antton Aranburu (gitarra, ahotsa) eta Mikel Olasagasti (bateria) entzungai izango ditugu uztailaren lehenean. Gau berean, "Traganarru" izeneko hirugarren diskoa aurkezteko bira batean den Rukulak (Martxel Arkarazo baxua, Jon Agiriano eta Aitor Pagola gitarrak eta Oihan Agirretxe bateria) ere emanaldia eskainiko du.

Ipar Euskal Herriko musikariek, zehazkiago esanda xiberotarrek ere tarte berezia izango dute hastear ditugun jaiotan. Hilaren 30ean, bueltan datorkigu aurkezpen gutxi behar duen Niko Etxart Hapa-Haparekin. Biharamunean, herrialde bereko abeslari belaunaldi berria; Xiberoots. Bi lan argitaratuak ditu reggae talde bizi honek. 

Euskal Herriko talde gehiago ere gonbidatu ditu Jai Batzordeak datozen festa hauetara. Amiltzen taldekoekin batera, Pleura rock talde nafarra, Lukiek mungiarrak, Kohatu metal talde berriztarra... DJ-ak izango dituzte bidelagun goizaldera arte behin baino gehiagotan. Jaien amaieran, nahi duena oholtza gainera igo ahalko da, gainera, karaokean abestera. Has dadila festa!


Usurbilgo jaiak
Ekainak 29, osteguna
23:00-00:30 Dantzaldia frontoian: Laket.
Jarraian, Bertsio Gaua txosnetan.

Ekainak 30, ostirala
23:00
Niko Etxart&Hapa-Hapa frontoian.
Txosnetan: Pleura, La Furia, La Fulana DJ.

Uztailak 1, larunbata
23:00 
Kontzertuak frontoian: Mihise eta Xiberoots.
Ondoren, txosnetan: Rukula, Odei Latxironga Dj-a.

Uztailak 2, igandea
22:00 Kontzertuak txosnetan: Kohatu eta Lukiek.
Ondoren, Fresa Morango DJ-a.

Uztailak 3, astelehena
23:00etako azken trakaren ostean, txosnetan: Amiltzen eta karaokea.