Aurten uztailaren 2a igandez egokituko denez, biharamuna, hilaren 3a izango da Usurbilgo jai eguna. Datorren urtean, 2024an ordea, asteartez izango da eta aurten ez bezala, urtebete barru hilaren 2a jai izango da udalerri honetan. Hala erabaki du aho batez udalbatzak astearte honetan, ekainaren 27an egin duten osoko bilkuran.
Urtero, hain zuzen, udalbatzari dagokio urtero udalerri mailako jai eguna izendatzea. Udalerri guztiek hautatzen dute halako jai egun bat. Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialde mailako beste jai egun bat izendatzen du; ohi bezala, 2024rako ere uztailaren 31 hautatu du. Gainerakoak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren urtean izango ditugun jai egun ofizialak Eusko Jaurlaritzak hautatzen ditu. 2024koak maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluan erabaki zituzten. Guztira hamabi jai egun.
Jai egunak, orain artekoak, Espainiako naziotasuna goraipatzen dutenak nahiz erlijio ospakizunei lotutakoak izango dira. Aipatzeko moduko aldaketa bakarra abenduaren 8a igandez egokituko dela, eta beraz, jai egunen egutegitik kanpo utzi dute. Era berean, ordea, urtarrilaren 1a, aurten igandez egokitu dena, astelehena izango da 2024an, eta, beraz, hamabiko zerrenda horretan txertatu dute.
2024ko jai egun ofizialen egutegia
· Urtarrilak 1 (Urteberri eguna).
· Urtarrilak 6 (Errege eguna).
· Martxoak 28 (Ostegun santua).
· Martxoak 29 (Ostiral santua).
· Apirilak 1 (Pazko astelehena).
· Maiatzak 1 (Langileen eguna).
· Uztailak 2 (Usurbilgo jai eguna).
· Uztailak 25 (Santiago eguna).
· Uztailak 31 (San Inazio eguna).
· Abuztuak 15 (Andra Mari eguna).
· Urriak 12 (Espainiako jai nazionala).
· Azaroak 1 (Domu Santu eguna).
· Abenduak 6 (Konstituzio eguna).
· Abenduak 25 (Eguberri eguna).