Ekainak 28 ditu gaur, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Egun honen harira, adierazpena irakurri zuten atzo egin zuten ezohiko osoko bilkuran. Ezohiko bilkura izanik, ezin izan zuten bozkatu baina, aipatu moduan, EHBildu, EAJ eta PSE udal taldeek adostu eta plazaratutakoa ondoko adierazpen hau:
Atzerapausorik ez LGBTI+ pertsonen eskubideetan
Ekainaren 28an, LGBTI+ harrotasunaren egunean, hainbatetan esan duguna errepikatu nahi dugu: Harro gaudela gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGBTI+ mugimenduaz. Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGBTI+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira... eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
Atzerapausorik onartuko ez dugula ez da soilik lelo bat. Jarrera politiko argia da. Egiteko asko geratzen dela argi izanda ere, lortutako apurra ezabatzera etorri nahi duten indar ultrakontserbadore eta faxisten aurrean askatasunaren aldeko horma bat eraikitzeko konpromisoa da gurea. Kalean eta instituzioetan.
Trans legeak lortu ditugu han eta hemen, baina azken asteotan beldurrik gabe esaten ari dira eraiki dugun hori, garen hori, desegingo dutela. Ez dagoela eskubide atzeraezinik, ez daukagula eskubiderik. Aldiz, guk, Ekainaren 28 honetan, garena, lortu duguna harro defendatuko dugula esatera gatoz.
Iaz genioen bezala, honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… eraikitzeko konpromisoan berresten gara.
Horregatik guztiagatik, udaletik bultzatu egin nahi dugu herrian LGTBI+ mugimendua sortzea eta bertan parte hartu nahi duen pertsona ororekiko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. LGTBI+ mugimenduaren eta instituzioaren arteko elkarlana sustatzeko konpromisoa hartzen dugu. Erronka konpartitua da aurrean duguna, eta bakoitzari dagokion arduratik eta espaziotik, LGTBI+ politikak eraikitzeko eta faxismoari aurre egiteko ezinbestekoa da gisa honelako gune eta elkarlanak sortu eta sustatzea. Lege gehiago, baliabide gehiago, espazio gehiago.
Amaitzeko, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.