Manifestazioa, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunean
Beste urte batez Lasarte-Oriako transmaribibolloak herrian bertan mobilizatuko gara ekainaren 28an, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunean. Manifestazioa 20.00etan Okendo plazatik abiatuko da, San Pedro festen hasierarekin batera. Buruntzaldeako hainbat herrietan ere, Sexu Askapenaren Nazioarteko egunean hainbat ekimen antolatu direnaren jakitun gara. Horrez gain, ekainaren 28ko koordinadorak Donostian ere urteroko mobilizazioak deituko ditu. Lasarte-Oriako transmaribibollo kolektiboak Buruntzaldeako herritar guztiei tokian toki antolatutako mobilizazio, ekimen, hitzaldi eta festetan parte hartzeko deia luzatu nahi die. Eta, horrela nahi izatekotan, gurean egingo dugun manifestaziora batzeko gonbita ere egin nahi diegu. Lasarte-Orian ongi etorriak zarete denak!
Gure kasuan, borroka herrira ekarri genuen pasa den urtean lehenengoz eta aurtengoan ere berriro egingo dugu. Garrantzitsua da guretzat hori, gure egunerokotasunean bizi ditugun inbisibilizazio egoerei eta askotariko erasoei herrian ere aurre egiteko garaia dela uste dugulako.
Izan ere, Euskal Herrian hirukoiztu egin dira salatutako eraso transmaribollofoboak azken lau urtetan. Lehen ere bazeuden transmaribollo kolektiboaren aurkako gorroto diskurtsoak geroz eta ahots ozenagoz entzuten ditugu; ustezko “zilegitasun”, askatasun eta lasaitasun handiagoz erasotzen gaituzte, baita Lasarte-Orian bertan ere.
Ezinbestekoa da diskurtso horiei aurre egitea, autodefentsa praktikan jarri eta gure artean saretzea. Baina, hau ez da, ordea, biolentzia hori guztia gorpuzten dugunon ardura soilik. Honen aurrean jarrera neutrala izatea konplize izatea ere badela uste baitugu. Honenbestez, gogorarazi nahi genuke, borroka hau ez dela soilik gurea, eta transmaribollo bezala beren burua identifikatzen ez duten baina jarrera neutrala izan nahi ez duten horiei ere mobilizaziora batzeko gonbita luzatu nahi diegu.
Ekainaren 28an, arratsaldeko 20.00etan Okendo plazan ikusiko dugu elkar. Gora autodefentsa transmaribolloa!
Lasarte-Oriako Transmaribibollo Kolektiboa